Tomas Agirre «Barrensoro»
UZTARO
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Iturria: Uztaro, Tomas AgirreBarrensoro. Editorial Vasca, 1950
http://klasikoak.armiarma.com/
Egileari buruzko informazioa:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00301.htm
I
DORRONSORO-BASERRIKO ALABA EDERRAK
Ziztualdi larri batez bere ibillia adierazi ondoren, pizti lerregiñaren antzera, arnaska bizian sartu da Zarautzen, burdin-arietan labainka, Donostiko bultzia. Burutik darion kea da daramakin ibilliaren erakusbide.
Jendetza ugaria jatsi da bultzitik. Udaldia egiteko itxas-errira dijoazen zaldun eta andere; inguruko errietan salduketak eginda, saskiak utsik, eta besoak, oñak eta zangoak utsago, dakartzkiten arrain-saltzalle; eta Donostin izandako baserritar txukun.
Utzi dezagun, ordea, guk nor bere bidean; ezpai digu oriek danak nora dijoazen jakiteko ajolik, eta gijoazkion bultzitik jatsi dan anderetxo bateri atzetik jarraika.
Neskatxo liraña, benetan, begien aurrean dijoakiguna. Emeretzi urte bai ete-ditu? Ez digu eman oraindio aurpegia aztertzeko betarik; baña ginbailtxo zuriaren azpitik dagertzkion ille-txintxustak, ez al-dirudie urre-izpitan austatuak? Ibilkeran, berriz, itxasondoko seska lerdenai aizearen mendean baño biguñago ta egokiago kulunkatzen zaio gerritxo zumea.
Liburu-txorta bat daramaki ezkerreko galtzarbean, eta bestaldeko eskutik zintzilika larruzko bide-zorrotoa. Zeren zalantza sortu ete-zaio bat-batean? Norbait itxaro ote-du? Zeramazkin oinkada laisterrak geldiagotuz, esker-eskuitara zalantzan begiratu ondoren, arinka zearkatu du bide zabala.
Ara! Norbait agiri da aurreko zumardian ezkutu-zalantzan. Burua erakutsi nai ez duenen joeran alkarganatzen dira biak. Ez al-dezue begiztatu iñoiz maitaleak alkarreri egin oi dioten agurra? Ez dira olakoetan agoak oparo mintzatzen. Begiak azaltzen dute, alkar iretsi bearrean, mintzoak ez dezakeana.
Baña, Jaungoikoaren Ama! Begi-aurrera datorkigun au al-da gaztetxo xaloaren lilluratzalle ausardia? Irisagar zimela baño beltzago da mutilla; aul eta belaxka, gañera, tankeraz. Maite-eizean, orratio, eiztari ikasia izan bear du. Gazteñoen belarrira mintzo biguñez itz eztiak ixurtzen oitua. Ero utsa izan-da, eguzkia bera bezain eder dan anderetxo ikasigabeak, zoroki ederresten du mutil zimela. Maitasun-jokoak ez dute izan egundo legerik. Ez izango ere. Begietan lauso astuna sortzen baitue.
Inguruibil nardagarriz ondoratzen zaio mutilla neskatxoari eta, bein zumardian barrena zerbait urrundu diranean, besapetik ausardiro eskua kiribilduz, bideari ekiten diote. Bereolaxen zorarazi oi du sugeak begiratu zorrotzez txoritxo buruariña.
Zarautzko uritik Inurritza deitzaion auzoaldera joateko bide zabal bat ba-da. Ura baño ezkutuagoa artu dute, ordea. Errikoen ikusmiña itzuri nai, alegia. Izan ere, ibillaldi orietan ikusi izan bai'lu norbaitek neska burugabea.!
Mako ikuseziñetik zintzilika itxas-magalean eguzkia astiro kotatzen dan bitartean, zumardiko babesetik-zear, mintzo ixillez alkarri maite-txintak ixuriz, dijoa bikotea. Bein sapaiko lasto igarrean sua garretan piztu ezkero, zenbat-eta sapaia ezkutuago, ainbat-eta okerrago. Ixilpeko gauzak izan oi dira kilikagarrien. Zabaldian geldiunea edo esia izan dun ibaia ere, orrelaxe oldartzen da uaiztean maldarretatik amilka.
Illunabarra da. Ezkutu guztiak aizatzen dioe garai ontan biozpeari itun-tantoa. Atadiko aulkian eserita, eguzkiaren azken mosua atsartuz, itunkiro marraskatzen ditu agureak gaztetango egiteak. Gauargia piztu bitartean datorkio zorrotzen emakume alargunari ere senar galduaren oroitzapena. Bereolaxe maite-bideak eragotzi diozkaten gaztetxoak ere jaulkitzen diozka illargi irtenberriari, asperenka, gogoko amesak. Ames zoroak! Egiztatu-eziñ amesak geienean! Egoetan erioa daramakien amesak, maiz. Ez, ordea, gazteari zarraren zentzunik eskatu. Urteak erakusten duten jakintza da ori.
Utzi bikotea maite-kiman eta gijoazkion neskatxoari aurretik bere etxera.
* * *
Zarautz! Ona emen azken-arnasa laster eman bear dun olerkari nekatuarentzat atsedentoki egokia; auxe izango luke, ba, atsegintokirako sarbiderik zoragarriena. Itxasaldetik begira, mendixka artean, egaldia eratxiz, kotatu dan usoaldra dirudi uritxoak. Itxasbazter onetan jaso ditue aberats-jendeak jauregi dirdaitsuak atseden-aldirako; baita atsegin-aldirako ere. Itxas-ondoan ugiñak jarrairo miazkatzen duten ondartzak, eguzkiaren galdapean, ez al-du urre-uztai baten antza?
Lurraldetik itxasora begira, berriz, itxaspiztien iduri, zaindari bi ditu erriak: ugarte bi. Arkaitz larrugorri dira biak; ugiñen erasoak laztuak; itxasoakin azpi-burruka gorrian dabiltzan itxaspiztiak. Azpiko jarduna-arren, ordea, beti tinko ta beti zutik diraue arkaitzok.
Molarri du izena, Mendibeltzaren gerizpean eskuialdetik erroak urperatzen ditun ugartetxoak. Getari txoragarriaren bular-gaña da, berriz, ezkerraldeko arkaitz aundia. Zaindari oen artean azaltzen du erriak aurpegitxo zuria.
Zarautztik Oriora dijoan bide-ondoko zelaian, orain Madoz-ena deitzaion ibilbide zabala agiri dan tokian, etxealde aberats bat ba-zan aintzina. Eta lenagoko gertaketak berriztatzen ditugun ezkero, goazen etxeondora ta orraztu ditzagun etxea ta etxe-inguruak.
Amaika ekaitzaldik eta eguzkialdik isastu dute Dorronsoro baserriaren tellatu-galdorra! Ez diote erasan, orratio, ez ekaitzek, ez ugoldek, ez egoaizek. Orain bosteun urte bezain aldakaitz dirau muño-gañean itxasoari gibelez. Ordun bezelaxe orain ere, urteoro egiten dute eliztxoriak kabia tellatu-egaleko gapirioetan; baita enarak ere orma-zirrituetan.
Egoaldeari damaio Dorronsorok burua. Zurezko balkoe zabala du etxeaurreak alderen alde; eta ataditik gora kakoetan anduak josiz dijoazen matsondo bik tellatu-ertza atzematen dute doidoi aien-luzeka.
Landuak ditu leioetako arriak. Eskuialdetik buruaz ortze-maindira zulatzen dun dorreak, ez al-dirudi gizaundi baten lepo-zintzur makurgaitza? Dorre ortatixek datorkio etxeari Dorronsoro izena. Ez du, agian, baserri-antzik; ezta ere jauregiarenik. Aintzinako gazteluena, obeki.
Ona emen giza-gazte bikain bat une ontan atalasean barrena, esne-kaikua eskutik zintzilika daramakiala. Balendin da; etxeko otseña. Orain zortzi urte, etzuan izaten iñoren laguntza bearrik golde astuna, lasto ariña bezain errez, bizkarrean sorora eramateko. Gaur, ordea, ez du beste munduko lanik nekezaritzan. Nagusia il zanez geroztik etxeinguruko lan-xamarrak erabiltzea du egitekorik bakarra. Ezari-ezarian egiten ditun lan oek, ez dakarkioe neke aundirik.
Bei gazte bi euki arren, ez du izaten udaburuan negurako belarra ondu bearrik. Ezta ere negutean aintziarretan arbiondoak saskika sorotik etxeratu bearrik. Alea ta zai-orea sarriago izan oi dute askaondoetan Dorronsoroko beiak belarra ta arbia baño. Ez dauzkate, ba, abereok larrain-lanean jarduteko; etxerako esnea aski izatearren baño.
Esne-kaikuaz Balendin etxe-barrura dijoan bitartean, ona nun datorren onuntza emakumetxo bat. Meakezurrean tinkaturik daramakin saski sabeletik eskukada artuta, ara nola dijoakien oloai, txingor-alea bai'litz, artoa lur-gañean jauzika. Bitarte orretan, auots garbiz dagie dei egaztiai neskak: «Pur, pur, puuuuur...!»
Auxe da zalaparta ta iskanbilla! Nundik demorrio sartu dira onenbeste ollo ta ollanda? Saraspean aztarrika ari ziranak; sagarrondoan etzana zutenak; kotaratzeko ate-zulorantz zijoazenak, danak, sapelaitzak batbatean ikaratu ta uxatu izan bai'litu bezelaxe, egoak zabaldurik, emakumetxoarengana dijoaz karakaz eta zalapartaka. Ez da entzungo aurki mokoka zorrotzen takateko legorra besterik. Goizaldean eta iñularrean izan oi dira egaztiak gosetien. Peapoa naiko bete ondoren, kotako abetxoetan izango dute laster gau-loa.
Ontan, ordea, zer usaindu ete-du intxaurrondoan etzanda zegon zakur zuri-nabarrak? Etxeatzeko orma gañetik jauzi bizkorra eginda, an dijoa zurrunbilloan norabait? Ijitotzarren bat sendu ote-du? Ala ba'litz, e'luke giro izango ijitotzarrak, arrano pola! Indartsu ta burrukalari baita zakurra. Baña, ez, ez!
Ba-zun zakur erneak etzanaldia astintzeko zioa. Ara nun datorren sagastiko bidetxigorretik onuntza lentxeago bultzitik jatsi dan neskatxo pertxeta. Len baño ere ederrago dirudi, eguzkiak iñularre ontan bialtzen ditun azken-izpien argira.
—«Lau!» «Lau!» Geldi ago, zoro ori! —oiu-dagio zakur zaunkari ta jauzkariari.
Eta itz oek jauki bitartean, zakurrari igesegiteko alegiñak dagizkio. Irri-karkaraka ezpañak ideki dituanean, ez al-dirudie edurrezkoak ezpain-ondoetako marrubien artetik agiri zaizkon bitxiak?
—Madalen...! Ez gindunan uste gaur etorriko intzananik, diotsa maitekiro artalea zabaltzen ari zan emakumetxoak.
—Gaur goizean amaitu dizkiñat azterketak eta zuek lenbaitlen ikusteko kilimaka nerabilkinan biotza. Orregaitik etorri naun gaur.
Ezpañak ziotena, ordea, biotzondoak gezurtatzen zion barrendik. Beste zerbaitegatik itzuli zan ain goiz, gaixtoa! Ez, baña, azaldu nai.
Baita ere irten da etxetik, txakurraren zaunka-otsetara, etxekoandre ernea. Neskatxo bien ama da; Josebe etxekoandrea.
—Ara...! Ire billa biar Donostira joatekoa nindunan-da, nola etorri akidan orren azkar? —diotsa alaba gazteenari, mosuka laztanduz.
Ba-da oraindio etxepean beste norbait ere. Osaba Martin, apaiza. Eskuartean darabilkin lanetik itzotsak atera due-ta, begiaurrekoak bekokira jasoaz irten da balkoera. Besteen galdera berriztatu du onek ere:
—Nola etorri aiz gaur? Ondo atera al-aiz azterketan?
—Ez aurreko urteetan bezain ondo; baña, tira, bukatu ditut, beintzat, nere ikasibearrak. Orain atsedena. Orain pakea. Au nire poza.!
Itz oek esan-garaian, eltzen dio berriro amari beso biakaz lepotik eta, maiatz-loreak bezain zoragarrizko algara ozenak zabaldu bitartean, mosuka bizian jan bear zula zirudin.
—Utzi nazan, utzi, Madalen. Bestela, biar goizean ugelduz josia jeikiko naun orrelako igortziakin.
Zerk ete-zemaion biozpean Madaleni alaingo poza? Nork aztertu lezake, bear ainbatean, emakumetxo biurriaren biotzondoa? Ez da errez. Alere, nik dakidana da, gau artan lo lasaia izan zutela etxeko danak: Josebe etxekoandreak, osaba Martin apaizak, Libe aizpak, Balendin'ek, Mikele neskameak, baita ere zakur zuri-nabarrak! Madalen'ek orratio, amaika esnaldi izan zitun. Zerbaitek eztenkatzen zion, noski, irudimena!
* * *
Baña, mataza nastu ta biurritu baño len, aria ondo arildu ta albañatzea dagokio edeslari ikasiari. Beraz, artu ari-muturra-ta, ekin dezaiogun arilkaiari.
Ondare aberatsa artu zun Dorronsoro'ko nagusi gazte Mikel'ek gurasoengandik. Bildu omen zitun iñoiz garitan berreun gaitzeru. Artotan ere, bai, beste orrenbeste. Euki zitzakean lasai aski amar bei okullu zabalean. Utsa adiñeko mastia ere ba-omen zun Iñurritza'tik zear dijoan errekatxo ondoan. Geiagotu orri, inguruko baserritarren eskuetara, erabilli eziñik, utzita zeuzkan sallak eta aitagandik urre-dirutan artutakoa. Bazter aberatsa zan, noski, Dorronsoro.
Azpeitiarra zan jatorriz Mikelen emaztea; eta ura ere etzan eskontzara esku-utsik joana. Ba-zuten, beintzat, Joseberen gurasoak zer emana. Dendari ziran, ale ta irin-salerosketan aritzen ziranak. Aintziñakoa zan denda; leendik izen ona zekarrana. Ondorengoz, erosleak asko ta onak, eta eskuarte lasaia zuen.
Artueman aundia izan zun aitagiarrebakin Mikelek ezkondu zanez geroztik. Ari saltzen ziozkan etxean bildutako aleak eta aren dendatik eramaten zitun, berriz, gurdika etxerako bear zitun irin, zai eta bababeltz. Au zala-ta, sarri izaten zan Azpeitin emaztearen jaiotetxean. Etziran artean sortu gaur Zumaiatik Zumarragara ibiltzen diran bultzi apañak eta eguneroko bidai-zalpurdian joaten zan Azpeitira ta andik aitagiarrebaren zalpurdi ariñean geientsuenean itzuli. Balendin izaten zan zaldizai.
Egun batez, baña, berandu arte lotu zuten eginbearrak eta, illunduz gero irten ziran Azpeititik. Len galdutako astia irabaztearren, zailu zeramazkin zaldiak Balendinek. Zaldien atzazalak eta gurpil-uztaiak mendiarteko zokondo ixillean zegien burrunbara, erdi-lotan zijoan Mikel.
Ontan, karrasi estua entzun irudi zitzaien bide-ondoan. «Entzun al-dek, Balendin?» —galde dagio Mikelek. «Bai, min-oiua iduri zait» —darantzuio arek. «Gelditu egitzak, ba, zaldiak. Ikus dezagun nor dan».
Larri zetorren bide-baztarretik oñaze-karrasia, eta gurpil-otsa eta azta-otsa atertu ziranean, gizon bat zetzan lurrean aieneka. Urreratu ziran biak minoiuka ari zanaren ondora ta, eskuak egozteko unean zeudela, gizon bi sortu ziran illunpetik ustegabean. Arnasa artzeko betarik eman ere gabe, eskuetan zekarzkien makillez egundoko zartakoa eman zioten Balendini buru-konkorrean. Kordegabe erori zan mutilla.
Ustegabeko erasoa nolabaitan gaindu naiean, sakelean zeramakin suizkillua ateratzera zijoan Mikel; baña artean lurrean etzanda minoiuka ari zan gizona batbatean zutitu zan jauzi ariñez. Zalpurdiaren aurreko argiontziaren argira, galtzairuak dirdir egin zun aizean zearka.
Saiespetik odola barbarka zeriola oldartu zan bide-erdian Mikel. Astiro arakatu ziozkaten soñean zitun jantziak. Bost-milla laurleko ba-zeramazkin. Ostu zutenaz, basoko adaburuen ostopean itzali ziran zailu bide-lapur gizailtzalleak. Kordea bereala letorkiokelakoan, oilari maltzurrak, igesegitean, beste ukaldi zitala erantsi zion aiztoz bularrondoan Balendini.
Andik ordubetera, basakatu zaurituaren antzo, arrastaka alditan, eta moskorra bezela, balantzaka, besteetan, zijoan norbait, bazterrik bazter argiontzia eskuan zula. Emakume ikarati batek begiztatu izan ba'lu tankera aretan gizona, gau-agerkun edo izukari bildurgarria iduriko litzaiokean; baita ere, arin igesegingo zukean garrasika gaupiztiarengandik. Balendin gizajoa zan. An urrean zegon baserri batera zijoan laguntza eske odol-jario.
Etzan izan ain gaiztoa Balendinen zauria. Saiets-ezurrean oztopo egin zun, nunbait, galtzairuak eta etzion barrengorik ezer ikutu. Larrigoa zan, ordea, zoritxarrez, Mikelena. Ilbearrekoa, beintzat, urdailburuan egin zioten eten sakona. Urrengo egunean oso gaizkitu ta il zan. Alabatxo bi utzi ziozkan alargunari: Libetxo ta Madalentxo.
Arrezkero, nagusi gaztea il zanez gero, oro aldatu ziran Dorronsoroko goraberak. Astunegi zan alargun errukarriarentzat baserri artako zeregiñak erabiltzea. Ba-zun Josebek anai bat apaiz. Goierriko erritxo batean ziardun apaizburutzak zemazkion arloetan. Ari eskatu zion alargunak zorigaitzean laguntza.
Dorronsorok zitun sallik aundienak eta urrutikoenak salduta, lendik zeuzkenez gañera, salduketan bildutako diruaren etorriakin eta etxeondoko sail-ondartxo erosoakin, danak lasai ta buruauste gabe bizi litezkeala-ta, joateko, arren, beregana, eskatu zion arrebak. Gogoz makurtu zion burua Martinek arreba maitearen eskariari.
Orduezkero, alkarrekin zoriontsu bizi izan ziran. Martin apaiza zan ondasun guztien erabiltzale. Otseintzarako artu zuten Balendin zintzoa, berriz, etxeko lanen arduradun. Etzitzaion egundo damutu, ez oneri, etxe artara joana. Sendikoa bezela artu izan zuten beti Dorronsoron.
II
IGANDE-GOIZA
Bai alaiki dagiela gaur txinbuli ta itzulbira Inurritzako eliztorrean joaleak! Igande-goiza da-ta, inguruetako sinestedunai deika diardue egiñalan. «Atozte, atozte!» esan iduri dute.
Joaleen deira, jaieguneko loaldi nagia astindurik, bidetxigorretan beera, soroak eta sagastiak zearkatuz, mezatara dijoaz baserritarrak. Atzo iñular-arte artajorran ari-izan zan aguretxo esku-dardariduna; Mollarriko arkaitzetan arrantzu ekarkorra izan zun mutilla; aurtxo jaioberriaren negarraldia nolabaitan ixillarazteko, noizpenkako bularraldiaren ondoren, seaskari eraginka, gau osoan jardun dan etxekoandre gaztea; neskatx ameslaria, andre ta gizon, zar eta gazte, bildu dira Pelagi donearen elizatxoan.
Oso goiztar ibillia da Balendin. Meza nagusira joateko asmoa du-ta, etxealdean izan oi diran zeregin ugarietaik aundiaurkienak bukatuta utzi nai ditu ordurako. Lentxeago izan da txerritegian. Esku-azpiaz bizkarrean txarrama atseginkiro igortzi bitartean, ume-taldeak kurrinka ta jauzika inguratu due; baña arietako bati atzemateko kiñaldia egin dionean, an joan zaio txerritalde izua igesi purruxtaka ta jauzika. Zarataka lerdazkatzen ari da oraindio txarrama, arraskara ixuri dion ore-salda.
Marru estua ateratzen due beiak, goseak eztentatzen dituanean. Dorronsoron orratio, marrualdirik ez dezue entzungo. Egunean bi aldiz garbitzen diozkae Balendinek askaondoak eta, aurreko ondakinak jasoaz, janari berri ta garbia oparo ixuri ere. Etzaio ere aztuko, beiak ain miazka-atsegin izan oi duen gatz-koskorra aska-baztarrean jartzea.
Beienak bukatutakoan, zekor gazteari ekingo dio. Katea askatu ta amaren ugatz aunditu ezin agortura eramango du. Errapeari eldu ordukoxe, buru-ukaldika erasoko dio zekorrak amari. Nork esan ez, aren erasoak ikuski, buruaz saiets-azpia zulatu bear ez dionik? Ore-opillez asetuko dio ezlari oituak iretsi bearra.
Goiz-lanak amaitu dituanean, jaiegunetako soñekoa jantzita, apain eta txukun, errege seme bezain nagusi, dijoa elizara mutil gazte jeikia. Sarrerako ateondoan jartzen dira, meza bitartean, gizonezkoak zutik. Edota, bestela, goiko korura igo. Ara igo da Balendin ere; eta aurreko zear-agan besoak ditula belaunikatu meza-emalleari begira.
Atzealdean zutik dauden baserritar eta arrantzale zarpillen ikutu-bildur bai'lira, aldare ondora urbildu dira udaldiar aberats batzuk. Oneraño, eliz-barruraño, dakartzkie zaldun eta andere aundi-iritzi oek, Jaungoikoaren Semeak bere jarraitzalleengandik uxatu nai izan zitun aundinaia ta arrokeria. Bular-gañari takatzen dioen damu-ukaldia ere ingurukoen on-iritzia irabazteko ez ete-da obeki maiz, garaiko damuaren ondorena baño? Soroskia zabaltzean ere, legenardunena bai'litz, itzuriko dute onelakoak beartsuen esku-ikutua.
Mezatako otoietara erne egon oi da Balendin begiramenez eta egoki. Gaur, ordea, liztorra bezela dabilkio zerbait belarriondoan eta meza-emallearengandik sarri dijoazkio begiak beste norabait. Ontan, oztopo larria egin diote begiak. Ez da makala izan biotzari eragin dion zarraztaldia. Ezin ditu, orduezkero, esiratu oldozkunak.
Erdiko zear-aulkien buruan dute jarleku emakumeak ezkerretara. Anderetxo bi agiri dira gaur ezkerraldean, ez udalditar, ez erbesteko; Zarautzko laba yori biak, larrosa zuriak bezain eder eta naro. Libe eta Malentxo dira. Bai al-da, gero, an inguruan bildu diran andereño aundizkien artean neskatxo oen bien ukondoraño urreratu litakenik edertasunean? Ezta urrik eman ere.
Ama Birjiñaren aulkian jarriko lituke gogoz Balendinek neska biak. Ain eder eta ain zerutiar deritzaizkio. Loitu edo zimeldu ustez, esku-artean artzeko bildurra damain lili zuri kutsugabeak deritzaizkio. Arrebatxoak izan bai'litu bezelaxe, maite izan zituan mutillak ordurarte.
Orain, baña, udaburuz zerualdean batpatean sortu dan odei beltzaren antzean, biozpean mozorro bildurgarria sortu zaio. Ez daki zer dan, ez daki nundik sartu dan; artxoak ez luke, orratio, zaltegarrigo joko sagar-alea biotz erdian.
Zer oartu ete-dute Balendinen begiak ustegabe? Neskatxo bien buruz-buru, eskuialdera, aundizki-itxurazko gazte garatu bat dago zirkiñik egin gabe ezkerraldera begira. Nori begiratzen ete-dio zalduntxo beztaka lotsagabe orrek? A! Oraintxe alkarganatu dira begiratu zorrotz bi eta begitik begira tximistak zijoazela zirudin.
Begiratu ariek egin zioten zulatu mingarria gainditu eziñik, oiugin zun bere baitan Balendin errukarriak:
«Ni al-naiz, zapogorri uts au, nere ezerezean eguzkira begiak jasotzen ausartu naizana? Ainbeste urtez egite onak eta maitasuna besterik artu ez dun mutil eskergabea al naiz ni? Ni burugabe utsa? Ago ixilik, ero ori!»
Isil-izketa onek kolkopean aizatu zion ekaitzaldiak eraginda, aurreko burdin-agari izugarrizko takatekoa erantsi zion bekokiaz, oargabe. Logaleak eragindako burutaldia zalakoan, inguruko lagunak, zear-begiraka, esan zuen kolkorako: «Loak artu dik, arraietan, Dorronsoroko Balendin». Etzekien, ba, ariek, biotzondoak piztutako aizealdi aserrearen zartakoa zanik ua. Ordutik eta meza azkendu zan arte, beso kurutzatuen gañean burua zula egon zan biotz-illun ekaitzaldia gainditu eziñik.
—Aizak, Balendin, ametsak eragotzi al-dite bartko loa? —galdegiten dio maxioka ta axelari Zaldubiko mutil gazteak, elizatik irtetzean.
—Nori zaiok ajolik bart lorik egin dedanentz? —darantzuio arek muker eta betillun.
Eta, oituraz beste, lagunekin elizondoan izketan gelditu ere gabe, etxera dijoa artez, buru-makur eta gogoa goibel. Alaxe dagerkigu zerualdeak ere aurpegia gaur. Eguzkiak bultzakatzen ditu noizean beinka itxasaldera odei illunak. Berela itzultzen dira, orratio, len baño ere beltzago ta astunago. Sargori dago, benetan!
Biozparrenean daramakin suak kiskali bear dio Balendini ere kolkoa. Ezpaitaki egoaizearen berotasuna ala barrendik datorkion kiskaltasuna danentz. Arretaz eta biziki ekin dio lanari, etxeratu zan orduko. Garbitu ditu berriro bei-askak; txerritegian izan da; eman die olloai artalea. Irauliko luke dana gaur mutillak azpikoaz gain.
Oartu du Josebe etxekoandreak aren atergabeko jardunbearra ta ara zer dasaion:
—Ez al dituzu, ba, goizean garbitu askak? Ez al-diezu eman leen olloai, beiai eta txerriai jatekoa?
Gaur jaieguna da-ta, bi aldizkoa ere merezi dute —erantzun dio bigunki otsein leialak.
Nola eman etxekoandre bioztunari barrenaldean zerabilkianaren susmoa pizterazko biderik? Lenago emango zukean soñeko lurrua.
Etxeondora urreratuz datortz, bitarte orretan, bidez-bide oinotsak. Arkumearenak bezain zailu ta arin dijoaz oinkadak lur-gañean. Nare ta garbi dator auotsa ere. Biaramonean jaiotako txaltxoari begiratzera okullura dijoala, iztunak dakarkien alkar-izketari entzun-erne jarri da Balendin. Ara entzun eta oartu duna.
—Ez al-den ikusi oraindio txal jaioberria, Malentxo?
—Ez.
—Oraintxe joango gaitun nai baldin ba'den. Nolako polita dan ba'ekin? Edurra baizen zuri din soña ta kopeta-erdian izarra bezalakoxe tximita orixta zeukan. Ara! Idikita zeukanagu okulluko atea. Norbait ba-zebillen barruan.
—Ez ete-gaitun zikinduko or? Obe diñagu biarko edo etzirako uztea.
—Ez, ez. Oraintxe ikusi bearko den.
Eldu besotik aizpari ta an daramaki Libek okulluan barrena indarka. Ez du onek oñak nora dijoazkion ere oartzen. Bestea, ordea, muzinka ta naiezik dabil Liberen besotik arrastaka bai'lijoa; eta, ibil bitartean, onelan dagi oiu:
Ara! Zikindu naun! Ai nere oñetako erosi-berriak! Loitu zaizkidan. Jesus ene! Goazin arin emendik.
Libek, baña, bitxikeriz eta parrezka eragozten dio irteera.
—Begira, begira. Ikusi al-den iñoiz onelaingo aberetxo politik? Mosukatu ere egingo niken. Ain garbi ta txukun zegon.
Esan eta egin. Mutur txiki lerdedun borobillean mosukatzen du maitekiro Libek txaltxoa. Ez damaio nazkarik, ez ikararik. Aterantz igesika dijoa, bien bitartean, Malentxo oiuka.
—Ori zikinkeria egin denana! Beti baserritar traketsa izateko jaioa aiz, noski, dasaio Liberi.
—Bai, bai. Ain zuzen ere, baserriko zeregiñetan ibiltzen naun atsegiñen.
—Bestelakoxea den uriko biziera! Nazka zemaidane niri beñepein baserriko lanak —jardetsi du Malenek.
—Nazka? Bai al-den, ba, ludian biziera au baño atsegintsuagorik eta zoriontsuagorik...? Ez al-da egia, Balendin?
Eguzkiaren irriñoa bezelakoxe begiratu zolia bialdu zion, mintza bitartean, Libek Balendin mutillari. Begiratu arek, orratio, Etzion araingo kilikarik eragin. Etzion biozpean naspillaldirik sortu. Beste nunbaitetik zetorren ekaitza pizten zun aizea.
Oñak nun ezartzen zitun oartu ere gabe irten zan Libe ederra okullutik alai eta zoriontsu. Etzun arek urietako dirdaitasun zoroaren gutiziarik. Ez jauregietako bizitzaren egarririk.
Andik geroxeago, bei-askaren gañean besoak jarrita, burua besoartean zula zegon Balendin itun eta muzin. Arek artu zun biotzean bigarren eztenka zulagarria! Izan ere, itxumustuan aukeratzen du maiz biotzak ibilbidea ta, astoak bide-ondoan aurkitzen dun larreari bezela, edonundik ekiten dio zoro ta oargabe, naiz eriora, naiz ondamendira joan. Gizaldiaren zoria!
III
ZARAUTZTIK GETARIRA BIDEAN
Igande-arratsaldea da; baserriko lanetan diarduenentzat atseden-aldi ta jolas-egun. Egin-xamartu ditu Balendinek bazkalondoan gaurko eginbearrak eta, lauretan, oitura dunez, Lopategiko Agustinen billa dijoa.
Ogeta zortzi urte ditu mutillak. Ez da gizaundi, egia esan; baña bai jeiki bikañekoa, sendoa ta kiriotsua. Ez dio ekiñak berelakoan erasango, naiz-eta neke aundikoa izan eskuarteko lana. Soin zailua ta biguna du, alere. Katuaren arintasunaz dagi jauzi laisterlakoan eta dantzatzen danetan. Txikitandik dakarzki zailutasuna ta zaildasuna. Amaika jokaldi egiña da mutil koskorretan Azpeitiko pelotaleku zarrean!
Marka oargarri bi egin zituan beiñola. Pelotan ari zan, bein batez, jolasean bera besteko lagun batekin. Ustegabeko ziriak sartzen zizkoen alkarreri aurrealdean eta inguruan zeudenak parre-algara zegien olakoetan ozenki.
Ontan, baña, ikusleetan norbaitek biziki zirikatu ditu gazteak eta laster berotzen dira. Baita bietan nagusiena zein ote-zan eztabaidaka asi ere ingurukoak. Itzak mindu ziran eta ara nola sortu zan jokaldi arrigarri bat. Bietako batek porrot egin arte jarrai bear zioen jokoari. Beraz, iraunik aundienekoa izango zan irabazle.
Goizeko amarretan asi zuten jokaldia eta arratsaldeko ordubietan atertu. Lerreginda, jo ta jo, patsetan, geiago eziñik, ari zirala, legamia bezelaxe zurbilkatu zan batpatean Balendinen aurkaria ta zurrun oldartu atsanka itobearrean. Etzan arrano pola, mutil makala. Balendin, orratio, buruzago jokatzen zekiana izan eta, gañera, indarrak neurkiroago erabiltzen ikasia.
Mendi-eguna zun, beste egun batez, Azpeitiko gazte-aldra batek. Pagadi bat zearkatuz maldar-gora zijoazela, sapelaitza egatu zan pagoburutik. Kabia zeukan egapiztiak adaburuan. Zugaitz lerdena ta luzea zan. Berrogei oin ba-zitun gerri soillak.
Ezetz ta baietz igoko, eraso zioten mutillak alkarri. «Ez dek Azpeitin orren gañera igoko litzakenik» —esan zun norbaitek. «Ezetz?» Txistua egotziz, zartatu zituan eskuak alkar eta, sugea bezela gerrian kiribildurik, belaunaldika ekin zion Balendinek. Gerrialde leuna ta irristerreza izan arren, belaunburuak eta besoak bertan errotu zitula zirudin. Adaburuko besanga-gañean eserita zegon amar minutu barru mutilla ta an erori zan sapelaitz-kabia, lur-saskia bezain aundi, zotzez, zaborrez eta arbaztaz egiña.
Atera ortik norañokoa dan gure mutilla. Ez da burruka-zale; ondo neurtu, orratio, aren aurrean jaulkitako itza. Ez aikomaikoetan eupada arrorik jaurti; ez titian-potian burugabekeririk ixuri. Berela elduko dio olakoetan zoroki jaulkitako itzari. Bai damutuko ere laster mintzari oargabeari, arinkeriz esandakoa.
Aspaldiko lagun zintzoa du Balendinek Lopategiko Agustin. Zernaitarakoa ta gizaseme bikaña da au ere. Donostiko burdiñola batean ziarduan lanean. Alako batean, ordea, garrazki mintzatu zitzaion nagusia bidegabe; eta, araingo nagusi zitalarentzat lan-egin bearrak gogaituta, lantegitxo bat jarri zun Zarautzen. Zoriontsu bizi da arrezkero bere lanaren eta irabaziaren jabe.
Alkarrekin egin oi ditue igande-arratsaldetako ibilliak mutil biak. Eizara joaten dira noiz edo bein; geienean, berriz, udaldian batezere, areatzan ibillalditxoa egin ondoren, Getariko sagardotegi batean izaten dute askari-legea ta ondorengo egonaldi atsegiña iñularrarte.
Udalditar aundizkiak itxasoari begiz eraiki dituen jauregi aberatsetatik zear jetsi dira gaur gazte biak ondartzara. Jauregi oen oinarriak lurperatzen diran tokiraño zetortzan aintziña ugin egoneziñak. Estalixe du gaur belarrak lurgaña; baña azal mea zerbait urratu ezkero, itxas-ondarra agertzen da oraindio nunai. Egañak erosi omen zitun beñola sail oek utsaren truke bezela. Urrearen balioa du gaur emengo lur-pitintxoak ere.
Astiro zeartu dute aldez-alde areatzako urre-zerrenda goria. Lurrun-jario dago ondarra eguzkiaren galdapean. Ez ezazue luzaroan tinkatu ondarrean begiraturik; ikara-miña sortuko lizueke, bestela, begininietan. Umekondo asko dabiltz zango-utsik, lastozko ginbailtxoak buruko dituela, ugiñai tori ta tati egiñaz. Zumitzezko otartxoen babespean eta zirazko estalpeetan dute gerizpe gizon eta emakumeak.
Tanto mardulak dakartzki egoaizeak une ontan. Atsegarri zaio, benetan, aurpegi kiskalduari euri-tantoak damaioen xaplateko biguña. Bits-nimiño txuriak pirrintatzen ditue tarteka ur-zabaldian aizearen jolas eta zurrunbillo biurriak.
Ondartzaren andiko buruan, aitzartean, arrizko mallak daude goiko bidera igotzeko; eta igobide oni egotzi diozkae oñak, Barbare donearen mendixkak dagin itzalpetik, Getarirako bideari ekiteko.
Ixo, orde! Tink dagie gazte biak. Karrasi urratua, lenengoz; iskanbilla ta oiuak, geroxeago, datortz portuondotik. Zurrunbilloan dijoa jendea nasara ikusmiñak zirikatuki. Ara jo dute Balendinek eta Agustinek ere.
Erdi-billoizik ibiltzen dira udaburuan mutillak uretan plisti-plasta. Atsegarri da, izan ere, egoaizeak bazterrak erre ta kiskaldu zorian darabiltzkianetan, soña ezotuz, uretan murgil egitea. Igeregiteak ez du ezkuturik aientzat; naiz urpean ernas-eutsika, naiz atzeraka, naiz besorik erabilli gabe, arraiñak bezain burujabe ibiltzen dira ugiñetan. Ausardienak, berriz, ontzitegitik itxasora barruratzen dira iraupena ta indarra alkarrekin neurtzeko. Au dala-ta, bein baño geigotan ezbearrak izan dira.
Aurreko egunean bezelaxe, zeingeiagoka bizian, irten ziran portutik mutilko bi eta, igerian ekin eta ekin, neurriz arago urrundu. Konturatu zaneko, itxasoarena zan bietan bat. Itxasoko azpi-indarraren iretsibearrak zeramakin oargabe errukarria. Bira eginda, itzul-naiz asi zanean, ikusi ziozkan eriotzari agiñak begiz-begi. Nola menderatu aizearen ufada? Nola gainditu itxasoaren azpi-indarra?
Alperrikako jardunak oro nekatu ta auldu zuanean, jaurti zun karrasi estua. Urreratu zitzaion noizpait atzetik zijoakiona; ezin zezakion, ordea, laguntzarik eman. Alkarren ondoratu ziranean, batak besteari eutsi naiakin, ondatu zorian zebiltzan biak. Alako batean, urpean ezkutatu zan bietan bat. Geroxeago irtenaldi bi egin arren, irugarren ondatualdian, betiko ezkutatu zan mutil gizajoa.
Ikusleak zegizkien oiuetara, gizatalde ugaria bildu zan nasa-ezpañera. Ara jo zuen Balendinek eta Agustinek. Larri zebillen, ordurako, bigarrena ere. Azkar bear zun norbaiten laguntza, ondatuko ezpazan. Nor ausartu, ordea, alaingo aize zakarra buruzkatzen? Eriotzari arnasa ematea zan.
Txint batean neurtu zun Balendinek egin bear zana. Erantzi soñekoa ta an botatzen du burua uretara. Goialderaño jeiki ziran soin astunak zabaldu zitun ur-zipirztiñak. E'tzerabiltzkin zaratatsu besoak; baña bai erraz, bizkor eta txairo ebakitzen zula ura!
Mutikoa leen agiri zan tokira eldu zanean, etzan iñun aren arrastorik. Bigarren aldiz urperatua zan, nunbait, ordurako. Biriak aal basteraño aizez beteta, izurdeak bezela jauzi egiñik, murgildu zan Balendin; eta batera ta bestera, itsaspiztien idurira, ixurkia usainduz ibilli ondoren, ondatua besotik zeramakiala azaldu urgañera. Ito-itxuran eta kordegabe zetorren mutikoa; baña, nolanai ere, gaizkatua zegon. Muturrez ugin-saietsak urratuz zijoakien ordurako bidera ontzitxo bat.
Onelako egite ausartzuen agirian, aozabalka ta erditoteldurik erakusten du erri xeak eskar ona. Oñak nasa-gañean jarri zituaneko, aldraka inguratu zitzaizkon Balendini gizon eta umekondo. Danak esan nai zioten zerbait; danak nai zuten agurtu gazte bulartsua. Gogaikarri zitzaion, ordea, ainbesteko itz-jario txoliña.
Otsegin zion bere lagunari-ta, norabait joan bearra zutelako aitzakian, istillu aspergarri artatik aldendu ziran. Arrantzale urtetsu bat urreratu zitzaion une artan bertan. Eskua biziro estutuz, ara zer esan zion biotz-ikaraz: «Nire arikoa aiz, mutil. Iru bider ibillia nauk itxaserdian ondatuta». Itz giar onexek izan zitzaizkon Balendini atsegiñen.
Eta goizaldetik zekarran aldarte errea zerbait gozatu naiean, Agustinekin batean, Getarira buruztatu zan.
Zarautztik artean urrutiratu baño len, notin-aldra batekin egin zuten oztopo.
«Ganduak lausotu al-zezkiak begiak, ala ez al-da Malentxo lagun-aldra orretan izketan datorrena? Bai, bai; alaxe dek. Au nire zori gaiztoa! Gaur goizean Inurritzako elizatxoan ikusi dedan zalduntxo emegizonakin zetorrek, gañera. Emeki ondoratzen zaiok, likitsa, Dorronsoroko alaba ederrari. Onek, berriz, txoroak, ederresten dik. Au gaitza!»
Oldozkun oetxek darabiltzki Balendinek gogoan. Zatituko luke esku-artean, zotza bezela, zalduntxo txalua. Erasoko lieke ukabilka bazterreko arkaitzai ere. Geroago ta miñagotzen zaio aldartea. Irugarren zastada zun egun artan bertan gaztearen biotzak. Ez izan, ordea, ezer, maite-jokoetan, soin-indarra. Beste nolabaiteko gaitasuna bear da joko orretan irabazteko.
* * *
Ara emen Getari aipatua. Arkaitzaundi tinkoa du itxasaldetik bere nagiaren zaitzalle erne. Ugartetxoaren bizkarrean zutik dagon argi-torreak, ez-al du ziklope baten antza, bekoki-erdian begi bakarra zirkinka dula?
Guda-ontzien biltoki izana da aintziña Getariko itxasbazter babesa. Emendixek irten zan Elkano auzartsua lur osoari alderen alde itzulbira egin zionean. Emen jaioak ziran itxasoan berdiñik etzuen ainbeste ontzigizon kementsu. Alde guztietara barreatu zuen gizon ospetsu ariek erritxo politaren izena.
Apal eta ezagun-ez ager zaigu, ordea, gaur itxas-zoko ezkutuan. Len bezain zoriontsu bizi da, alere. Guda-ontzien ordez, ekaitzaldiak ustegabe jo ditun ontziak datortz aizearen igesi, babesaren billa. Portuan, berriz, arrantzurako ontzixka, txanel eta lurrun-ontzi txikiak urbiltzen dira.
Arrantzaleen bizitoki zarpail batzuk zeuden leen, ugartearen gibeletik, arkaitzen goikoaldean. Tokirik agirienenan, berriz, itxasoari buruz buru, igeltsoz zuritutako etxe mozkote bat. Urteoroko zuritualdia bear izaten zun etxeak; jango ziokeen, bestela, itxas-kresalak eta erauntsiak karezko jauntzia zearo.
Denda zeukan Matxinek etxearen beko oñean. Ardotegi ta sagardotegi zan bidenabar. Ez omen zan inguruetan, ziotenez beintzat, arenaren ukondorañoko sagardaorik. Arrantzaleak, orratio, sagardua baño naiago izaten dute geienean, ardao zorabiatzallea. Arrantzuko lanak bukatzean, ara zuzentzen ziran; eta, upelondoetan atseden artuz eta eguneko goraberatzaz jarduki, atsekiro zurrutatzen dute edari moskortia.
Zuaitz bi zitun etxeak atadian itxasoari begira. Oso gogoko egona izaten zun agian, Balendinek angoa udaldiko jaiegunetan; eta, itxasaldeko aize biguña ta urriña arnasaztuz, zuaitz oen itzalpean askari-legea egitea. Atsegarri zitzaion ere arrantzaleen itzjarioa. Ain zuzen ere, jatorriz itxastarra izan ba'litz, itxasgizon bikaña izango zitakian. Sarritan jaisten zan portura ta arrantzaleakin arraunketan indarrak neurtu ere bai. Arraunlari trebea zan.
Lagun biak sagardotegira sartu ziranean, jendez gañezka zegon etxaurrea; baña azkar egin zun Matxinek, an edo or, Zarautzko gazte bientzako tokia. Eta, an aurkitu zituen ezagun eta adiskideak agurtuz, mai-ertzean eseri ziran.
Matxinen bigarren alaba zuten serbitzari. Sagar-gorriarenak bezain gorri zitun Yolandak bere matrallak. Izketan, berriz, gazibelarraren gazimiña egiten zuen aosapaian aren ateraldi zorrotzak. Ixo, baña; begiratu egiozue begietara! Begi oriek ziztatzen dutenak, nabari baietz, piperrak aosapaiari dagion min errea. Agustinek dionez, ez omen da jaio, ez jaioko ere egundo alaingo neska ederrik. Aurrean zeukan sagardao txinpartuna baño ere gogozago iretsiko omen zukean neskatxa oso-osorik klink batean.
Janaldi-legea bukatu zorian zirala, eztabai zorrotza sortu zan arrantzale gazte biren artean. Eupada asarreak jaurti zizkoen alkarreri. Erronka lazgarriak ixuri zituen.
—Zertarako aiz, ba, i, txepel ori? —zesaion batak besteari.
—Zertarako naizan? Noznai eta edozertan izan nauk i adiñeko, ta geiago ere bai —erantzun zion jarduleetan gazteenak.
—Bai, bai. Ikusi indudan atzo. Gizonen artean sartzeko ba-itzala uste-ta, arraun-aulkian jarri induen. Ez dit ikusi egundo i baño arraunlari eskasagorik. Eskutik igesika zijoakikala zirudin arraunak.
—Ala ba'litz ere, bai al-daukak ik zer esanik? Langille ona ba'intz, ez intzake ibilliko, abillen bezela, egunetik egunera, ditukan nagusi guzik aldatuz. Ontzi-jabeak etziote uzten nolanai langille eskurakoiari.
—Sardiñazar txalu orrek iraindu bear al-natxeok? —oiugin zun bietan zarrenak—. Arraiek ezpa'du, belarrondoko otzak astindu bear ziozkat.
Eta, berekin zituan lagun bik aizatuta, esku-zarta zitala erantsi zion zarrenak gazteari. Etzan, ordea, au kikildu. Ukabillak estututa, arrikatu duten zakur amorratua bezela, burrukatzera zijoan. Aldeztzalle bikaña erten zitzaion, orratio, une artan. Ari eskerrak. Jango zukeen, bestela; txikituko zukeen, iruen artean.
Odola irakitan zebilkiola entzun zitun Balendinek Txandres arrantzale zarraren semeari zegizkioen irañak eta destañak. Leendik ezagutzen zun mutilla. Ondo zekin Balendinek zintzoa ta arduratsua zala, eta, gañera, xingil-itxurakoa izan arren, giarra ta kiriotsua ta iraunekoa ere ba-zala lanean. Ain gazte izateko, arraunketan ere trebeki egiten zun. Emeretzi urte ozta-ozta izango zitun Txandresen seme Joxek.
Iru gizonak mutillari burrukara zijoazkiola igarri zienean, biozpean zerbaitek zarraztatu zun biziki Balendin. Ezpareak eztenkatu dun zezena bezela zutitu zan, eta, bultzaka indartsuz burrukalariak bata bestearengandik aldenduz, oiugin zion irukoari:
—Iru gizonek eraso bear al-diozue mutil oni?
—Nork eman dik iri gure gauzetan sartzeko baimenik? —darantzuioe lotsagabe irurak ao batez.
Iruren kontra gizon bakarra aldezteko, ez dit iñoren baimen bearrik.
Alkarren antzekoak izan bear dezue biok. Ba-dek ik ere ume purtzil orren antza —jardetsi dioe, ausardiro zirikatuz.
—Adi ezak. Ez dik agoan itz-jario txororik erabilli bear gizon egiñak. Egiñetan erakutsi bear dik gizondasuna.
—I ainbeste ba-gaituk, beintzat, edozertan.
—Bai? Ezetz eraman zuek irurok arraun-indarrez Getaritik Mollarriko arkaitzera ogei miñutun Txantxikoren ontzia.
—Ezta ik ere beste bikin, ez uke eramango.
—Geitu ditzaizkiogun beste amar miñutu; eta, gertutzeko amabost eguneko epea degula, ekarri baietz orduerdi batean Mollarritik Getariko portura ontzi ori Joxek eta nik, biok bakarrik. Bai al-zerate zuek irurok orrenbesteko marka egiteko gai?
Maxiozko parre algara egin zun iruretan norbaitek Balendinen erronka garratz au entzuki. Mutilla sokonki ezagutzen zutenak, ordea, ba-zekien arek, jaulki baño len, itzak ondo neurtzen zitula-ta, mintzoa aopean zuur lotu zuen.
Aldraka inguratu zitzaizken burrukariari Matxinen sagardotegira bildu ziranak. Joko-zale purrukatu dira euzkeldunak, eta, pozez zoratu bearrean, aizatu ta ziztatu ta zirikatu zuen gazteen arteko asarrea. Jo zan, azkenik, turuta. Eun laurleko bota zituen an bertan, egindako erronkaren eusbide. Milla ogerlekoa izan zan, berriz, apustuaren jasoa.
Geroxeago, Matxinen edaetxetik erten-ala, apustuaren zabalgunde bakana zegien or-emenka gizonak:
—«Amabost egun barru, egundo ikusi ez degun bezelako estropada ikustekoak diagu» —zioen kalean lenen oztopatzen zutenari. Eta, pozaren pozez, eskuak alkarri igortzikatzen zituen. Afaaa…!
Illunabarraren itzalean irten ziran Getaritik Balendin eta Agustin. Zarautzera bidez bide zijoazela, ikuszelai zoragarria zebilkien begien aurrean. Izarraren gisan, ñirñirka ari zan ugarte-gañean argitorrearen begia. Aize-oialak puztuta zetortzen portu-aldera ontzitxoak egunez arrantzu ekarkorra egin ondoren. Urre-izpitan bildurik, ametsetan dago, berriz, bitartean, Zarautz, erregintxo antzean, mendiarteko txokondoan etzinda. Etxeondora urreratu ziran garaian, ara zer esan zion Balendinek bere bidelagunari:
«Etzekit zer demorrio dabilkidan gaur kolkoan. Sugeak bezela bigurrikatzen zidak biotzondoa zerbaitek».
—Eta, urrengo egunerarteko agurra egiñik, nork bere etxera jo zun, noizpenka odei artetik agertzen ziran izar dirdaitsuai begira. Etzan, noski, egin zun apustuaren ondorena Balendinek biotzean nabari zun kezka ta ikara.
IV
MALENTXO DONOSTIN
Urtearen aroetan ez al-da zoragarriena Udaberri? Goizaldean agertzen zaigu ederren lorea ere, gau-intzak ixuritako zidar-pitxiak eguzkipean dizdizka dituala. Nola izan ez bereolaxe, Izadik dun lorerik ederrena ere?
Umearoaren muga gainditu ondoren, gaztearoan, lorekusku jaioberria bezela, orrizabaltzen danean, da emakumeñoa kilikagarrien; giza-eskuk egundo ukitu ez duen zitori zuria baitirudi ordun gazteño lilluragarriak. Garai ontan egindako garbi-eskeintea ta maiatz-lorea bezain atsegarririk bai ete-zaio besterik ezer Jaungoikoari?
Aterañokoan amestu izan ez dun ibilbidea datorkio batpatean, amabost urtedun danean, emakumetxoari. Ordun asten dira esnatzen lenengoz sen-zirikak eta biozpeari ziztaka ekiten. Orduantxe izan dezakee guraso erneak alabatxoaren geroko joeraren berri. Soñaren itxuraldatzeaz batean, aldartea ta gogoa eraberritzen zaizkonean. Mendu berri batez izaera txertatzen danean. Nork igarri lezakio ordurarte zuzenera ala okerrera joko dunentz? Bein aro ontara ezkero, ordea, ez da ain gaitza, jakintza ori gogo-igarle oituarentzat.
Amabost urte zitun Malentxok bete-betean, Donostiko Ikastetxera joaten asi zanean. Bere amaren babesean eta osaba Martin apaizaren begipean ardura aundiz azia izan-da, erri txikietan azten dira neskatxo geienen antzera, etzekian gaiztobideetakorik ezer.
Lenengo aldiz usategitik irten dan usakume ikaratia bezelaxe joan zan Donostira. Miruak, ordea, ollandatxorik zurienari erantsi oi dioe aztaparra. Baita urietan ibiltzen diran sapelaitz gaiztoak ere. Neskañoetan ederrenak eta tolesgabeenak esnatzen dute bizikien urietako piztitzarren iretsibearra.
Ez omen da amabost urteko neska itxusirik. Beste edergarririk ezpalue ere, giza-begiari eder baño ederrago deritzaio gaztetasuna. Garai artan Malentxo zan bezain lirain eta eder, gutxi izaten dira, orratio. Izadi osoa eder egin zun Arek, or-emen bildu al-izan zitun eder-zipirztiñak egotzi ziozkala esan gentzake: Uztargiak ditun argibitxirik bizienak Malentxori aurpegira ixuri ziozkala esan bear.
Edertzat etsi zun Jaungoikoak Ebe atsegintokian. Bai ote-zun arek Malentxok erakutsi e'tzezakean edertasunik? Arekin batean atsegintokian lotsarik gabe ibiltzeko laingoa ba-zala ziosaen, beintzat, ikusten zuenak.
Alkarren antz aundia zuen aurpegian Libe eta Malentxo aizpak. Ez, ordea, tankeran, ez gogoko izaeran. Txikitandik bereizi ziran bien joerak. Esanak eta iritziak, astiro neurtu ondoren, jaulkitzen zituana zan Libe. Eguzkiaren ibillira errazki zijoan lorea, berriz, Malentxo. Baetik ura ixurtzen dan bezelaxe zijoazkion oargabe biozparrengo ezkutuak. Etzuan tolesik, ezta ere gandurik biozpekoak, emakume erneari dagokionez, estaltzeko.
Eskurakoia ta otxana zan Libe. Malentxo, berriz, sua bezelakoxea; txinpartaren jeikikoa. Esirik ez jartzekotan, irakin dun ura bezela, ontzitik igesika noranai zijoana. Gurasoen ardurapean iraun artean, eta erri txikietan bizi diranean batezere, ez due onelako neskak ainbesteko galzoririk. Urietakoak, orratio, errazki lijoazkie gainbera irristaka ondamendira.
Udazkeneko egun batean eraman zun bere amak Malentxo Donostira irakasletzako ikasketak egin zitzan. Ustegabean pitxi dirdaitsua eskuratu dioten aur zorabiatuaren antzera gelditu zan neskaño xaloa urian bere buruaren jabe. Aste osoa Donostin egin ondoren, larunbatetan itzultzen zan bere sendiartera urrengo astelenera arte.
Ernani-kaleko etxe zuri batean, irugarren oñean, zegon Malentxoren bizitokia ondartzari ta Kalare donearen ugarteari buruz-buru. Eguteraldekoa ta alaia zan, benetan, aukeratu zioten etxea. Udaberrian, batezere, etzezakean urretxindor batek ua baño egoa-begi zoragarriagorik aurkitu bere maite-xintak ixurtzeko.
Naiko lana izan zun Malentxok lenengo egunetan bere logelatxoa apaintzen. Emakumearen eskuak eder-tantorik egotzi ez lezakionik ez da ezer. Izan ere, ez du bear utsunerik neska lirain baten logelak. Arduratsu ta arretaz txukundu ta apaindu zituan xokogune guztiak; baita bere ikasliburuak eta garbiketa-tresnatxoak eratu ere.
Urrin-samar zegon irakasletxea bera bizi zan lekutik; alere, egunero ibiltaldi luzea egin bear izan arren, pozkiro ekin zion bere lanari. Irakurlearen jakinmiña zirikatu lezakenik ezer etzitzaion gertatu lenengo urtean.
Eguerdialdean, etxera zijoanean, lotsagabe begiratzen zioten kalean oztopatzen zitun mutil gazte askok. Beste norbaitzuk, berriz, ausardiroago urreratzen zitzaizkon; zerbait esan ere bai. Onelakoetan, oinkadak arinduagotuz, ezer entzun izan ez bai'lu bezela, lore-ixurtzalleai begiratu ere gabe, bideari jarraitzen zion. Lotsa gorria zemaioen, lenengoz, mutil ariek zesaizkoenak; entzunago ta gutxiago, ordea; geroago ta ezerezago, orratio.
Errenderiko neska bat izan zun bere lagunetan barrukoena bigarren urtean. Txoroska askia ta tuntuna zan, neska au; eta Malentxok izan zezakean lagunik okerrena bai, noski.
Ondartzaburuan dagon dantzatokira eraman zun arek iñular batean Malentxo. Ango musika naasigarriak, ango dantzaldi lizunak eta mutillen agoetatik entzun zitun ausardikeriak, labea bezela, sutan jarri zioten buru-barnea. Etzuan, agian, loaldi aundirik egin gau artan. Biurrika ta zurrunbilloka zebiltzkion irudipenean «La Perla»n alkarri loturik ikusi zitun neska-mutil bikoteak. Orduezkero, geroago ta gogozago ta sarriago joaten zan dantzaldietara.
«Nere etxekoak ba'lekie...» —esan zun aurrenengoz kolkorako; baña etzuan izan, bear zan biotz-damurik.
Egun batean, irakasletxetik bere bizitokira zijoala, mutil gazte batek irriparka agur egin zion eta luzaroan atzetik begira jarri zitzaion lotsagabe. Urrengo egunean ere toki artantxe bertan egin zun mutil arekin oztopo. Ezpainartean irribarrea zarabilkilla ondoratu zitzaion mutilla, ta, agur egiñaz, aldendu. Lenago ere ikusi zun Malentxok aurpegi uaxe nunbait. Zertatik ezagutzen ote-zun? Goraintziak piztu ta itzali buruanzebiltzkiola, ara nun sortu zitzaion batbatean argi-izpia. Bein baño geigotan ikusi izan zun Zarautzen aurreko udaldian mutil uaxe; ango neskatxakin ta udaldiarrakin dantzatzen ibiltzen zan maiz enparantzan.
Irugarren egunerako, bigundu zitun zerbait Malentxok bekainarteko zimurrak. Begipeko irriño biguñakin artu zun mutillaren agurra. Eiztari ikasiarentzat igarbide zeatza zan neskaren begietako irriñoa. Ara gazteluaren ormak arin zirrikatu ta zartatu; ara biotzeko izotza bereala urtu. Bein orrera ezkero, gainberakoa izan oi da, eiztarientzat, gañerako lana.
Egun arietan Donostiko ostikolari-taldeak ostiko-txapelketa irabazi zula-ta, aundiro ospatu zuen donostiarrak gertakizuna. Dantzaldia izatekoa zan iñularrean Boulevardeko enparantzan, baña euriak eragotzi zun gau-jolasa. Ez kendu, orratio, gaztediari bein amestu dun jaia; bereala aurkituko du beste nunbait galdutako jolastokia.
Kontxako uztaia zearkatuz, «La Perla»ra dijoan neska-mutil erreskadak ibai-ibilli biurriaren antza du. Alere, errazki iresten ditu, eldu-ala, areto zabalak ibaiak aora daramazkionak. Ordurarte salduketa-lanetan jardun dan denda-otseña; titarez jostorratzaren begiondoa ainbeste bider bultzakatu dun jostuna; betazalak erre arte begiak zorroztu bear izan ditun landolaria.
Araxe dijoaz Malentxo ta bere laguna ere. Arnabarrezko zurubietatik beera jeisten asi diranean, ua da ikusgai zoragarria begietaratu zaiena! Ua da jendetza! Goikoaldetik begiraturik, beeko solairuan oñak irristaka labainduz, alkar-loturik dabiltzan bikoteak, sapaiko argiontzi dirdaitsuen argirik ezpa'letor, Akelarreko arpeetan zoro-dantza duten sorgin-taldeak iduriko lukee. Ainbestekoa da ango jirabira ta iskanbilla!
Aretora sartu zanean, egun arietan nunai agotik agora zebillen musika ezaguna entzun zun Malentxok. Musika arek eragin zion biotz-zarraztara, nola eutsi agopetik irtenda, gañezka zijoakion poz-oiuari? Eskillaratan beera lasterka zijoala, burdinaga-ondoan zegon mutil batenakin egin zioten oztopo begiak. Norbaiten zai zegola zirudin mutil arexek. Begiztatu zuanekoxe, erne ta bigunki agur egin zion neska ederrari.
Dantzaten asi bezain laster, ara nun dijoakion mutilla beste lagun batekin. Nola uko egin, irribarrea ezpañetan dula, baimen-eske urreratu zaion zalduntxo garatuari? Esku atsegiñez kiribildu du arek besoakin gerriondotik eta bekoz-beko, begiz-begi, bularrez-bular, dantzari ekin diote solairuan leunki oñak labainkatuz. Sua dario mutillari begi bietatik. Neskatxa, berriz, zalduntxoaren besoetan bildurik, kabiondoan sugetzarrak bigurritu dun txoriñoa bezelaxe dabil: zorabiatua, naasitua, matail-gañetako sukarra itzali eziñik.
—Zure begi ederrok ain nere urrean ikusteko aspalditik izan dedan gogoa —ixuri zion mutillak mintzo bigunez belarrira, dantza-bitartean.
—Gezurrak egoki esaten ba-dakizu, beñepein —erantzun zion Malentxok maxioka. —Nundik nora ezagutzen nazu, ba?
—Bein Zarautzen, zuk oartu ere gabe, ondoan egon nintzatzun luzaroan begira. Ordutixek dauzkat zure begiok nere buruan josita.
—Ajaja...! Etzaite, ba, orrenbeste zoratu. Itxuragabekoa litzake zu zeran adiñeko zaldun batek ni bezelako neska bategatik burua ain errazki galtzea-ta.
Biziro gezurtatzen zion, ordea, biozpeak, parrealgara-artean ezpainak agertu nai zioten ajolarikeza. Bestelakoa erakutsi nai izan arren, atsegarri zitzaizkion aren biotzondoari mutillak belarrira ixurtzen zizkion itz eztiak.
Ain zuzen ere, eroki dantzatzen zan bitartean, txint batean joan zitzaizkion ordubete ta erdi. Konturatu zaneko, bederatziak ziran: etxeratzeko garaia, alegia. Orduan izan ziran aren estuasunak; orduan lenbailenka etxera-bearrak; berandu etxeratu zalako, zerbait esango ote-zioten bildur zan, ba. Dantzatokitik irten ziranean, bere etxeraño lagundu nai izan zun mutillak Malentxo; baña ezagunen batek ikusi zitzakealakoan, bazterrik bazter ibilli ziran; eta, andik asko urrindu baño len, egin zioten alkarri azken-agurra.
—E'nagizu araño lagundu, norbaitek ikusi giñazke-ta —esan zion Malentxok.
—Tira, ba. Zure guraria ala ba'da, zoaz bakarrik. Aurrerakoan, lagunik onenegotzat artu al-ziñeiket? —galdegin zion arek eskutik ibillia eragotziz.
—Ene, Jesus! Bai azkar ibilli nai dezula! Urrengo batean erantzungo diot zure galdeari; ezpai det orain erantzuteko astirik. Bildur naiz nere etxekoak aserretuko ote-zaizkidan, ain berandu noalako.
—Biar bertantxe bear det, gero, Malentxo gaixto, zure erantzuna. Biar eguerdian, irakasletxetik etxera zoazenean, ikusiko degu berriro alkar. Ordurarte, Malentxo lirain...? —itaundu zion muzinki mutillak.
Azkeneko itz oneik jaulki zitun bitartean, eskuen artean estutu ta laztandu zun maiteki Malentxoren esku xaloa. Gero, erdi toteldurik bezela egon zan luzaroan, arinka ta jauzika zijoan neskatxa liluragarri begira.
Etzan, agian, gizaseme bikaña mutil uaxe; baña, alere, neskatxen artean gainbera ta ollarra bera baño ere jeikiago ibiltzen zekiana, bai. Bereala zorabiatzen zitun neska buruariñak aren ausardikeriak eta azpiko mintzaerak.
Belearen ipurtaldea baño beltzago zitun buruko illeak eta sudurpeko ille-mordoska erneberria; sagarbeltza bezaingoa, berriz, aurpegiko azala. Begiak, orratio, masusten parekoak izan arren, betzuloetan, oitura zunez, dirdai-jarioka jirabiratzen zitunean, utsa adiñeko ziztada eragiten zien neskatxen biozpeari, arrano pola! Ortixek zetorkion, nunbait, emakume txoroak zorarazteko indarra.
Amaika ixeka ta maxioka aragin izan zien, beñola, mutil onen izenak eskoletako umekondo biurriai! Olakoetan, ordea, ezer ezin zezakeala igarritakoan, katu ostikotua bezelaxe, zokondora urbiltzen zan makurka. Kontu izan, orratio, aren ustegabeko atzamarkazko eraso zitalari. Leon Bravo Picó ziran mutil onen izen-abizenak eta ara nola zegioen deadar mutikondo lotsagabeak adarjoka:
A León Bravo Picó
una mosca le picó,
pico-pica, le picó
y Leoncito se murió.
Demorriozko maxio madarikatua! Sualdiak kiskaltzen zuan olakoetan buru-konkorretik beatzetaraño Leon gizajoa. Barrenaldia irakitan, begietatik txinpartak zerizkiola, amorrualdiak gainduta, aginka ta ostikoka erasotzen zien bere lagunai. Txikituko zitukean, al-izan ba'lu; ausiko ziekean burua, bere eskura egon izan ba'litz, zartada batez. Baña ukabil sendoak bear ziran orretarako-ta, bere ezin utsean, irain loiak agotik zeriozkala gelditzen zan zotinka.
Bein, ordea, mutilkoskoak axeka gorrian zebiltzkion batean, maxiolariai eraso zienean, beste norbaitek oñez-oin jo, ta estapurutzean lurrera jaurti zun zerraldo. Sudurretik odola barbarka zeriola zutitu zanean, ua izan zan ikusleen parrezka lertu bearra! Ua parre-karkarari eutsi eziña!
Negarrez minoiuka joan zan etxera gure mutilla. Baña, bai al-dakizue nola ordaindu zun Lonek urrengo egunean, egin zioten biurrikeria? Aurreko eguneko maxiolaria ormagain batetik jauzi egiteko zegoalarik, atzetik ixilka ondoratuta, bultzada batez buruz bera bota zun ormagainetik eta besoa ausi zion. Urrengo batean, berriz, jostorratz aundi bat erdialderaño sartu zion atzekoaldetik, oargabean, beste mutiko bateri.
Arrezkero, etzirala txantxetakoak Lontxuren zigorrak-eta, pakean utzitzen zioten mutilkoak aren ateraldi gaiztoen bildurrez. Mertxilla ta belaxka-itxurakoa izan arren, zimela zan mutilla. Izena zerbait bigundu ta gozatzearren, «Zito» deitzen zion bere amak «Leoncito» laburtzetik. Ala izendatuko degu guk ere aurrerakoan.
Orain amabi urte, eratsi zun nunbaitetiko egaldia Donostin Zitoren amak, bere seme bakarraz beste, sendikorik etzula; baña emakume zirikatzalleak eta jakinmindunak etzuen argitu sekula nundik nora ibillia zan emakume au Donostiratu baño len; etzuen egundo aren gaztetangorik ezer jakin. Mingain gaiztoak ziosaenez, lotsa zemaioken zerbait ezkutatzen zun arretaz bularpean. Zertatik, bestela, bere bizitzazkoak ainbestean ezkutatu ta estali bearra? Etzukean iñork aren agotik txintik aterako iñola ere.
Donostin egiten zun emakume onek negualdia, baña udaldiaren atean, Zarautzera jotzen zun. Ango ondartzaburuko jauregitxo batean bizi izaten zan udazkenerarte. Eskuartea ba-zun, itxuraz. Ala salatzen zun, beintzat, zegian bizitza lasaiak eta nunai agertzen zun apaindasunak.
Ogetabost urte zitun Zitok gure edesti au asten dan garaian eta bere amak berrogeta bi. Emakume ederra zan, artean; eta, urteen buruz, gaztetango dirdaitasun aberatsa zerbait gandutu ta lausotu zitzaiola irudi arren, etzizaizkon agortu artean lengo edertasun-kondarrak.
Berorrelaxe adierazten digu etzinaldera dijoakigun eguzkiak, illunabarreko zear-izpien bidez, bere eguerdiko edertasuna ta urre-dirdai itzalia. Ardura aundiz zaiten zitun beti, zirudianez, emakume onek soñaren egokitasunari zegozkion txukundubear eta apaindubearrak. Bere burua noizbait aundiro eder etsi izan zun, noski.
Zijoan tokira zijoala, bere seme bakarra izaten zun bere ibilaldietan eta irtenaldietan lagun; etzezakean, orratio, zearo itzali bere atzetik uzten zun marmarra. Arlo ontan, eiz-txakurrak baño, usnatzalle zorrotzagoak izan oi dira emakumeak. Bai al-da ariek usaindu ta usmatuko ez lukeenik ezer? Ez omen zan bear bezelakoa Zitoren amaren ibillera; ez omen zan bear zan bezain agirikoa aren bizitza. Ara emakume berriketarien jardunak eta marmarrak or-emenka ixilka ixurtzen zuena.
* * *
Lasterka bizian eta binaka gainditu zitun Malentxok bere etxeko eskillarak, berandu zijoalakoan. Arratsalde artan, ordea, ostikolari garaitzalleen bidera irtena zan Donosti osoa. Iritsi-berria zan, artean, etxekoandrea ere-ta, garaiz etxeratu zan neskatxa.
Obe. Igarriko ziokeen, bestela, etxekoak matail-buruetako sukarra ta kiskaltasuna. Ez uste, gero, eskillarak lenbailenka igobearrak piztu zionik matailletan zeramakin sua; leendik zekarran naiko sukarra, arraietan!
Apalondoan, ikasketari, oi bezela, burua lotu bearrean, leio-oñari besoak egotziz egon zan gauerdirarte.
Gaugiro atsegiña zegoan. Iñularreko euri-erauntsia atertu orduko, zearo garbitu zan ortzaldea ta zidarrez zipirztinkatzen zitun illargiak inguruetako mendixken kaskarrak. Ortze-zear zebiltzan laño-mordo zuriskak noizbeinka estaltzen zioten illargiari aurpegi zerbela; baña aizearen ufada indartsuak bizkor zeramazkin berriro alderen-alde mendiburuen gibelera artilezko pirrinta zuri ariek. Bitarte artan, zeruan ñirñirka ziarduen izar dirdaitsuak. Kiñuka ari zirala zirudin, sorgin gauzaleen begiak iduri, Igeldoko argiak.
Atsanka bizian dabil, berriz, Kantauriko itsaso menderakaitza arkaitzondoekin burrukan. Eztira oraintxe asiak zeingeiagoka arerio oek biak; ez da, orratio, aserre-burruka orretan orainartean garaiturik izan. Tinko diraue arkaitzak; ermo darrai itxasoak arkaitz-erroetan aztaparrakaz atzamarka. Ez da or, ez garaitzallerik, ez garaiturik.
Illargipetik noizbeinka igarotzen diran laño zurien antzo, dijoazkio Malentxori irudimenean oldozkunak, bata bestearen atzetik. Itxasaldera zuzentzen ditu begiak. Ez dakuse begiok, ordea, ezer. Buru-barnean irakitan darabillkin beste zerbaitek lausotzen baitio begiratua.
Orma-kakoetan aztapar zorrotzez mats-aiena josten dan bezelaxe, isatsi zitzaion, arrezkero, Malentxori gogoan Zitoren irudia. Maizagokoak izan ziran, orduezkero, mutillarekiko ikusaldiak. Eta, bein neskañoak biotzeko ugaldeari ateak zabaldu ezkero, nola lijoazkioke atzera esira, gainbera parrastaka amildutako urak?
Orrez gañera, ezkutuko maite-jolas oetxek dira gaiztoen eta zirikatzalleen. Itxasoaren urazpiko etorri indartsua dan bezela. Ustegabe zintzurrean kiribilduz, maidirapera sartu zaigun sugea bezelaxe.
V
MENDI-EGUNA
Ernio-mendiaren gandorretik ingurubegira
Iñularrari aurretik bidea argiztatuz dijoazkion izarrakin izketan zijoala, iritxi zan Balendin Dorronsoroko atadira; ango maspeko gerizpean Martin apaiz jaunak eta Agerreko indiano gazteak aparia bukatu zuten garaian, alegia. Nagusiak begiztatu zuaneko, esan zion:
—Mendi-eguna diagu biar-eta, Ernioraño joateko asmoa zeukagu. Gogoko al-zaik gurekin joatea?
—Bai, bai. Ba-dakizu, nagusi jauna, zure erabagiekin erara ibiltzen naizela beti.
—Oa, ba, laisterka batean, Olaldeko abarketariagana ta esaiok ia biar bere zaldikoan Zelatunaraño bazkaria eramango liguken. Oa Larraintzarko nagusiarengana ere ta esaiok biarkoz auzo-laguntzan zaitu ditzala gure etxeondoa ta gure abereak; ezpaitala emakumeak besterik izango etxean iñular arte.
Erne zegon, ordea, oi bezela, etxekoandre Josebe, eta bere anaiaren itzak entzuki, erantzun zion:
—Egun batez gure etxeko eginbearrak burutzeko, ez degu iñoren laguntza bearrik; orrenbesteko burubidea izango al-degu, beintzat. Ez, ba, deirik egin, Balendin, Larraintzarko nagusiari.
Laisterka aldendu zan berriro Balendin ain gogoko zitzaion agindua betetzera, ta etxeburuko sagastia zangarteka zearkatzen zun bitartean, zakurrak zaungaka aurrea artu nai zion. Mollarriko arkaitzak berriztatzen zuen geroxeago zakurraren zaunga-otsa.
Ordu-laurden bat geroago etxeratu zan mutilla, bere eginbearra bete ondoren, eta apaldu ordukoxe, oeratu ziran gau artan Dorronsoroko bizidun guztiak; urrengo goizean egunsentirako nagia atera bearra zegon, ba.
* * *
Astindu dezagun bizkor egunabarreko loa ta gijoazkion bidera gaurko argiurratze zoragarriari!
Gau-amets atsegiña baño ederrago datorkigu egunsentia eguzkiaren aurrelari. Eztai-egunean zaldunak emaztegaia bezelaxe, dakarki arek eskutik apaiñez jantzita. Eguna argitu-ala, artzai-mutillak arkoskorrak bezela, zabalduko ditu zabaldietan zipirtztinka, zorroan bilduta darabiltzkin dirdairik ikusgarrienak.
Orduantxe ziztatuko digue begininia gau-intzak, or-emenka, ostoartean erein ditun zidar-pitxiak; baña eguzkia bere goijarlekura igo-ala, bigunkiro arnasaztuko ditu ta atxikatuko pitxi oek eta bere buruntzari egotziko.
Nunai karakazten dun bezain ederzale ba'litz gizona, ba-leukake, agian, nun ase eder-gosea egunero; baña goiz-edertasun oetan gogoa murgiltzea baño atsegiñago zaio maindirapeko egona, bere nagi zoroan. Magaletik ondasunak eskuzabalka ixuriz datorkigun erregin onek, ez du txoriena beste agurrik izaten, geientsuenean, egunabarrean.
Eguzkiari aurretik zetorkion argi-larraiña, bat-batean lertu da geroxeago. Gandu urratuen artetik, argi-ikara iduri, buruz-buru zearkatu du lurgaña lenengo urre-izpiak. Orainarte bekokia estali dion lausoa erantzita, ederren eder eta begien ikusgarri, agertu zaigu eguzki jaunaren aurpegi lausogabea.
Garai ontan, gure Errialde eder, ire zelai ikusgarrietatik maite-kantu zoragarrietan erantzungo zeone eguzkiaren lenen-mosuari, zozoak, bedigarroak eta kaskardoak. Ekin zeon ere txitxarrak saraspeko jardun lazkarrari; baita ere kirkirak ateondotik bere kantu mintzo-bakarrari. Eta saraspetik, galtsorotik, artasorotik, belarditik eta sagastitik zomorrotalde ugariak, bakoitzak bere mintzoera berezian, agur-egingo zeone aundiro ta ozenki eguzki-jaun irtenberriari.
Goizeko bostetarako, Dorronsoroko atadiko burni-kakoan lotuta zegon Olaldeko abarkatariaren zaldikoa astalastaira gañetik alde bietara saskiak zintzilika zitula. Ernai zebillen ordurako etxekoandre Josebe mendialdia zutenentzat bazkaritakoak gaitzen eta asta-saskietan bear bezela jartzen. Libek eta Mikele neskameak laguntzen zioten zeregin oetan. Ez, ordea, Malentxok; maindirapeko epelean zun, artean, arek lo lasaia.
Ondo zekian etxekoandreak, gizonezkoak etxealdean aikomaikoetan ibilli arren, bein mendira ezkero, gogoz jaten dutela eskuratu dezaken dana; gose-esnale zorrotza baita basoa, eta danetik oparo jarri zien bidariai otordurako: arrautza egosiak, piper amorratuakin bakallaua, ollasko erre bi eta sagar erreak. Etzizaion aztu ere, otorduko ugaria zerbait ezkotzeko, zarato bat ardao; orrez, gañera, bazkaria bear bezela bukatzeko, baita ere katillu bana kafe.
Arraiek ezpa'du, etzan zikoizkerian ibilli etxekoandrea; an sartu zitun saskietan, bear ziran ontzi ta edontzi ta katilluak. Etxean bezain egoki ta eskurakoi ibilli zitazkean mendi-gizonak. Eta Josebek jarri zituan bezelaxe, ur-gañean ontzia labainkatzen dan baño bigunago joango zan dana mendi-tontorreraño.
Etxekoandreak astasaskiai azkenengo orraztua eman bezain laster, irten ziran Dorronsorotik mendizaleak eta zintzo lotu zitzaizkon bideari. Izan ere, azkar ibilli bearra zegon, zortziretarako Pagoetako mendigaña irabazteko; kiskalduko zitazkian, bestela, eguzkiaren galdapean maldar-gora.
Izkillu bana zeramakien bizkarrean Balendinek eta Agerreko indianoak. Eiza-usaira, zaunga ta jauzi zegien zakurrak. Baña, etxetik asko urrindu baño len, zaldizaiaren ibilli makala utzita, basopeko bidetxiurretatik sartu ziran eiztariak eta apaiza.
Mendigizon bizkorrak ziran irurak-eta neurrizko ibilli sendoari eutsiz, goizeko ozkirri atsegiñean, bereala atzeman zuten Pagoetako gandorra.
Ua ikusgai zoragarria andik begietaratu zitzaiena! Gaualdiko lurrunak sortutako laño-mordoak zurizkatzen zuten, artille antzo, zokondoaldeko zelaia; baña, goizaldean artzaiak bordatik banaka ateratzen ditun ardiak bezela, urtuz dijoaz eguzkiaren mosuetara. Lañoak urtu-ala, garisoroak eta artasoroak erakusten dute burualde orraztua.
Igita-garaia da. Txigortu bear ditu legorteak zearo gari-saillak-eta, ekin dioe baserritarrak lurrari urrezko jantzi aberatsa erazten. Oraindio berandu izan ez arren, lenbailen jo bearko dute igitaiak gal-zuztarra. Ezperen, bildur izan, egun batzuez geroago, ebakitzeko eskua egotzi-ala, galburuak soroan bertan aletuko ez ete-diran.
Ori ondo jakinda, goiz-goizetik josi zaizko baserritarrak igita-lanari. Eskuetan igitaiak dirdai-jarioka dituela, bizkar-ezurra lurrera kako, ari dira igitariak or-emengo soroetan aldraka. Ain zuzen ere, juan zaie gaurkoz langileai garairik atsegiñena, goizeko ozkirria, alegia; eta, au da orain eguzkiaren kiskaldubearra!
Labe goritik irtena dirudi egoaizearen arnasak. Ez da atsegiña izango, arraietan, eguerdiko beropean gaurko igita-jarduna! baña, nola nai dan dala, etxealdeari bear bezela begiratu nai ba'zaio alegiñean jardun bearra dago.
Ixil dago, bitarte ontan, basoaldea beroaren beroz lurrun-jario. Egoaizearen arnas bigunak dardarazten du noizbeinka pagadi orraztuaren adatsa; geldiro, ordea, nagiak gerriondoa zurrundu izan bai'lio. Gogoz entzun oi dira atsedenaldian, ibarraldetik belarrietara datorzkigun zakur-zaungak eta abaroaren billa gerizpera bildu diran txorien txioak. Eupada latza dagie nekazariak ura eradatera errokondora daramazkin abereai; eta mendiz mendi ta basoz baso dijoa arek egin dun oiuaren oiartzuna.
Pagoetatik zerbait urrutiratu ziranean, Martin apaizak galdegin zien lagunai:
—Ez al-zaizue eztarria legortu? Burugabe jokatu gaituk, orratio, gaurko egoaize kiskalgarri onekin, zaldizaiari edari danak uztean!
—Ezkerraldeko pagadi ortan ba-da iturritxo bat; erakutsiko dizuet —erantzun zun Balendinek.
—Ibillaldi latza ta luzea danean, ez dek, agian, laguntzalle bikaña baso-iturritiko zurruta otza. Ba-dek, arranotan, beste oberik zerbait —jardetsi zun indianoak. (Bere aitagandik zetorkion Agerre gazteari «indiano» ezizena).
—Ez kezkatu, Agerre; laister izango degu eztarria nun ezkotu. Goazen arin Altzolako etxe-bilerara ta an Lizarretako gure maiztarraren etxean emango digue zerbait.
Orduerdi batez geroago, Lizarreta-baserriaren ondoan egin zuen urrengo geldialdia. Etxealde bikaña zirudin baserriak. Iru sorok inguratzen zuen azpikaldetik eta aurre-gibeletatik; sagasti ta belardiak, berriz, etxeburutik.
Gaztañadi omen zan aintzina goikoaldeko sailla; baña gaztainondoak naiko zarkindu ta usteldu zirala-ta, lareun sagarrondo sartu zitun nagusiak orain zortzi urte. Amabi milla ogerleko balioko omen zitun sagasti gazteak.
Azpikaldeko garisoroan igitan ari dira, une ontan, amar gizon eta erabat daramakie aldapaz gora sailla. Eguzkiak burua artu ez dakien, lastotxapelez estaltzen dute kaskarra. Eskukaldi bakoitzean zumea bezela biguntzen dute gerrialdea ta bizkarra makurtzen; eta itai-kirtenean eskua gogor tinkaturik, beso kozkordun zaintsuak ukalondoraño galtzu-artean aurreratuz, zarraztaka sendoetan ebakitzen dute lastoa, eta moztu-ala, atzekoaldera jaurtitzen maillaka ebakitakoa.
Baña igitaien ibilliak oztoporik izan ez dezan, iru neska narok ateratzen ditue zuztarretik indarka gariarteko bababeltz-landarak eta, besamenka bilduz, ondoan pillatzen. Azaoketan diardue, berriz, atzeraxeago agure bik eta iru emakumek.
Noizbeinka artzen duten eskukatik, lasto batzuk bereiziko ditue, eta belaun-kiñuz gerrikoa egotzi ondoren, kibiztoz lotuko diote. Ba-da mutikoentzat ere naiko lana gaur, galtzuartera erori diran buruxkak biltzen eta soroaldera dijoazen txori ta egazti gosetiak uxatzen. Bien bitartean, geldiro ta arretaz tolesten ditu aitonak metatxoetan gari-eskuteak.
Ez dago an, arraietan, iñor nagi; ez du an iñork atsedenik. Danak kakotzen dute bizkarra; danak erasotzen diote ermo lanari. Eguzkiari darion suak bazter guztiak kiskali bear ditu. Izerdia ta patsa darie gizonezkoai. Matailgorritu dira, noski, emakumeak ere. Au da sargoria! Au da sua! Au da txigortubearra!
Bidetxigorrean gora norbaitzuk dijoazela oartu duenean, langileak batbaten zuzendu ditue gerriak, ikusmiñaren aitzakian, atsedenaldia artuz. Igitai-kirtenean besoak tinkaturik zutitu ditu igitariak ukalondoz bekokiko izerdi-jarioa txukatu bitartean. Lurrezko pipa atera due lasto-txapeletik agureak; artazorroak, berriz, sakeletik gizon gazteak. Bidariak araño urreratzen diran bitartean, eskuazpian igurtzikatzen due astiro toxatik ixuritako kebedarra.
Auots garbiz eta txapela erantziz erantzun dioe danak ao batez apaizak egin dien agur maitekorrari. Eta alkarrizketan asten dira; baña itzal aundiz eta begiramenez erantzuten dioe danak Martin apaiz jaunari, apaiza ta, gañera, etxe aren nagusia baita.
—Agur, jaunak; garigirorik ederrenetakoa dezue gaur —esan die apaizak soro-barreneraño iritsi danean.
—Ez da garigiro eskasa; baña eguzkiaren kiskaldubear au baño atsegiñago litzaiguke gerizpeko egona —jaulki zun irriparka mutil gazte batek.
—Nolako garia dezue aurten? —galdegin zion, urrengo, maiztarrari.
—Lastoa ba-degu ugari; galburuak, orratio, arintxoegi. Legorteak txigortu baiditu zearo.
Atsedenaldia belarritik artuz, artzuloko oroldioartean gorderik zeukan txarroa aterata, edontzi bana ardao eskeni zien etxekoandreak bidariai. Langilleai zegokien, urrengo, edanaldia.
Txitak olloloka inguratzen duten bezelaxe urbildu zitzaizkon danak etxekoandreari zurrutara; zulagarria zan, ba, agian, egarriaren eztena. Edontzia eskutik-eskura zebillen bitartean, mingainpetik ateratako ziztu legorra ortzartetik jaurtitzen zuen gizonezkoak, eta arnas batean edari gozoa edanik, ozenki garrazkatzen zuen eztarri lazkartua.
Egonaldi laburra egin zuen mendizaleak Lizarretako etxeazpian eta maldarrari eraso zioten berriro; alegintxoan, basoetako gerizpe atsegiñetatik ibilliz, orratio.
Langilleakin soro-barrenean alkarrizketan zeuden bitartean, galeperraren poxpolin-kantua entzun zun Balendinek an inguruan eta izketariakandik alderatu zan.
«Geldi emen, Lau!» agintzen zion noizbeinka zakurrari, aren ibillia esiratu nairik. Alako batean, ordea, garoartean kuzkur eta belarri-erne gelditu zan zakurra basakatuaren gisan. Izkilluaren oina sorbaldan tinkatu zuanean, «ekin, Lau» oiugin zion Balendinek; eta zakurraren jauzi bizkorrera, galeperrak ego-ukaldi baldarrez eraiki zun egaldia. Baña eiztariaren eztandak eratsi zun, ego-ikaraka, egazti gizena.
Ezkerraldeko ariztin eratsi zituen, gero, Agerrek eta Balendinek eskillasu ta birigarro batzuk. Etzegoan, ordea, basopeetan astia buru-gabe ematen ibiltzerik.
Iturriotzko mendi-galdorra menderatu zuenean, irrintzi alaiz agurtu zitun Agerre gazteak Ernioko arkaitzak.
—Ez al-dabilkizue zerbait biozpean zirika? —galdetu zien lagunai—. Naizen baño ere euzkotarrago naizela zirudidak mendialdean nabillenean.
—Gaurko egunean, orratio, mendialdetik igesika zijoazkiguk gazteak urietara, —erantzun zion apaizak.
—Bai, ala dek. Baña orpozulotik erten dan ardazburua bezela, kurrinka latza dariela ibiliko dituk gazte oik bizitza guztian.
—Etzekiat; baña egin al-gentzakiokek ezer gaurko gizartearen iraduari?
—Anbat uke, gaurko urirabear zoroak biotzean egundo ikutu ezpa'gindu. Aizea bezain burujabe mendietan ibilzeko jaioa dala zeritzaidak euzkotarra.
—Ain zuzen ere, amaika egite arrigarri egin zizkien mendi oetantxe gure asabak beren burujabetasuna aldeztuz.
—Bai. Mendi oetako zokondo bakoitzak millaka oroitzapen zekarzkiguk burura.
—Bai, noski. Ara! Orain ogei gizaldi, erromatarren erasoari eutsi-eziñik gure aurrekoak oneraxe bildu ziranean, leoiak bezela burrukatuz, aldeztu ziaten Ernion eta Iturriotzen, artean galdu gabe gelditzen zitzaien lur-zatia.
—Oraingoagoak eta gaurkoagoak dituk, berriz, Zumalakarregi gudariburu ospatsuaren ibilliak. Santa Krutz ere, katamotza bezelaxe burrukatu uan oraintsu Iturriotzen Españako agintariak bialdu zizkiguen gudariakin eta zakurrak izutu ditun ollandak bezela gainbera zalapartaka uxatu zizkin.
—Iru bei-uztarrikin arrastaka eraman omen ziten bein lera montzean kañoe bat Errezildik Aiara, Iturriotz zearkatuz.
Onelaxe alkarrizketa atsegiñean zijoazela, Iturriotz gainditu ondoren, bereala atzeman zituen Zelatungo barruti zabalak. Bigunkiro kulunkatzen ziran ango belardien mototsak aizearen arnaspean. Gogoko zitzaion aurpegiari ere aize-ufadaren esku-atseginka biguna. Etzan an zokondoaldeko kiskaldubearrik nabaitzen.
Zuazketako saletxearen azpikoaldetik gainbera barreatzen dan larranbilludiko iturriondo ozkirrian egin zuen orduerdiko etzanaldia. Tellatutik ke adats ugaria zeriola agiri zan beeraxeago Aitzarteko artzaiaren ardiborda. Larraul aldera dijoazen pagadien gerizpeko itzalean larratzera goizaldean irtenak ziran aren arkume, bildots, arkazte, ardi, ardizar eta artaldeari beti aurrelari dabilkion ari adar-biurria.
Lanean ari zan artzaia bordapean, eta leiatillatiko noizpeinkako begiraldiz zaitzen zun pagadiko artaldearen ibillia. Eupateko sendo batekin atera zuen gure bidariak artzaia bere lanetik. Gaztaigiten ari zan mutilla eupateko-otsa entzun zuanean eta, eskuartean nasketan zerabilkin kaikuko mamia utzita, eskuak alkar zartakatuz, atalasean gelditu ziranengana itzuli zan. Oek, ordea, etzezakeen ondo ikusi barrukorik; ainbestekoa zan barrualdeko ke-lañoa.
—Kaxo, Patxi —esan zion maitekor Agerrek—. Errege bera baño ere obeto bizi aiz emen, mutil. Iretzat dituk emengo txorien xintarik gozoenak; iretzat eguzkiaren mosurik bigunenak. Ez datorkikek oneraño arerioen bekaitzik. Ez dezakek iñorekiko burrukarik. Ez dek ik emen Jaungoikoa beste nagusirik, ez jaberik; ire buruaren jabe aiz.
—Gure bizitzazkoak jakin-uste dezute kaletarrak eta, bai al-dakizue, ba, ezer? —erantzun zion artzaiak parrezka—. Txorien xinta ezetzik, ekaitzaren orroa ere badatorkigu maiz buru-gañera. Piztirik amorratuenak ditugu, berriz arerio: sapelatsa ta basatxakurra.
—Arrano pola! Gizona gizonarekiko dan baño pizti gaiztoagorik ba al-dek iñun? Gaurko egunean gizarteak darabiltzkin aginkak eta burrukak ikusirik, amaika bider sortu izan zaidak andik iges egin eta artzaien artera etortzeko gogoa.
—Je,je! Esan, bai; ordea, gure eskasak eta emengo ipar-aize zorrotzak aurki uxatuko zindueke berriro urietako atsegin-bizitzaren billa.
—Aizak, Patxi —jaulki zion apaizak—, ez ezak utzi gugatik eskuartean erabilkikan lana. Jarrai egiok lanari. Ain zuzen ere, ez dut egundo ikusi gaztairik egiten.
Artzai menditar ezjakiñari zegokionez, itz giarrez eta laburrez azaldu ziezten bidari jakinmindunai gaztaigitearen lanak. Atsegin zitzaizkion Agerreri artzaiaren ateraldiak; eta berak ere, mutillaren etorria aizatzearren, maiz ixurtzen zion izketariari gatz-alea ta gazimiña.
Saletxearen sapaitik zearka dijoan gapirio-muturretik zintzilikatzen dan pertzean esnea epeldu bitartean, uretan beratu bear da gatzagia ta, zapi zuri batean eaulki ondoren, gatzagi baetu ori esneari nastu.
Kaikuko epelean orduerdi batez dagoala, mami biurtzen da esnea; baña mami-gañera bere neurrian gazura bereizi dedin, eskuzko erabillia bear du. Mami au, bear bezela txikatu danean, gaztanzumitzean jartzen du artzaiak bi egunez. Azala zimeldu, gogortu ta oriskatu dakion, luzaroan ketan egotea du onena. Azokan erakutsiko due gero gaztai oek aurpegi dirdaitsua; erosleak izango ditu ugari nunai artzaien esku-erakutsiak.
Ordu-laurden bat egin zuen mendizaleak Aitzarteko artzaiaren bordan eta «gero arte» esanaz, joan-agurra egin zioten irurak maiteki.
—Laster iritsiko dek gure mandazaia ta esaiok orxe, bordaondoko gerizpean zabaldu dezala mai-zapia, esan zioen joakeran.
Menderakaitza ta neketsua da, agian, mendiaren bizkarra. Gizakumeentzat baño obeto dirudi auntzak ibiltzeko egiña, arrartean urratu duen bidexka estuak. Bidexkaren oetik oñak daramazkitzuela, ertzeko arri-konkorretako bat ustegabean jotzen ba'dezue, tximista bezela oldartuko da maldar-beera ta pirritan gainbera amilka dijoala, ez du aren ibilliak oztoporik izango arik-eta zokondoko arrekazuloa jo arte.
Aldapa-gora ibillibearrak iztazañai demaien nekearen truke, ba-due, orratio, begiak zerikusi ederrik aski. Mendiaren zintzur larrugorriak buruz zeruko urdiña zulatzen dun garaian, bele-taldeak dabiltz garrasika arkaitzetan; izkilluaren mendera urreratu gebe, ordea, maltzurrak baitira piztitxu oek.
Sugeak baño biurraldi ugariagoak dagizki zokondoaldean Azpeititik Tolosara dijoan bide-zabalak eta Errezilgo etxeak, mendi-egaleko aldapan oztopo eginda, bertan errotu diran arkaitz zurien antza due.
Maldar-gorako ibilli neketsuari zebiltzkiola, bidexka ondoan agiri dan leiza-zuloakin egin zun Balendinek oztopo. Luzaroan entzun zuen zuloaren aora arek jaurti zun arri-konkorraren ibil-otsa.
—Jaungoikoak zekik noraño dijoan leiza au, jaulki zun.
—Txarri bat erori omen-uan bein leiza-zulo ontatik eta, bai al-dakizue egun batzuez geroago nun azaldu zan? An sakonaldeko baserri artantxe; bi kilometro egongo dittuk emendik. Txarri-kurrintza entzun omen-zin egun batez okulun ango nagusiak eta arritxabal baten azpian zegon zulotik Ernioko txarria agertu —erantzun zion Agerre gazteak, beatzez errekaondoko baserria erakutsiz.
Izan liteken buruntzarik ederrena jantzi diote euzkaldunak, Ernio-mendiari burualdean. Ogei gizaldien luzeran biozpean sakonki barruratu dan sinismenak eraman du ara kurutza ta arkaitz bizian errotu. Ez da inguru arietan kurutza bereizia Ernion jarri ez du erririk eta udaero egiten diote aldraka ikusaldi maitekorra. Mendi-gandorrean kurutzetik kurutzera Kalbarioa esan ondoren, kolorezko galartzuz lepaldea apainduta jeisten dira erromeritar gazteak kantari igande-arratsaldean.
Kalbarioa esanaz kurutze batetik bestera ibilli-ala, arri gañean itsatsita uzten ditue emakumeak argizari piztuak eta eguzkiaren galdape kiskalgarrian koipea bezela urtzen dira. Kontuz ibilli, orratio, bide ontatik zear, argizari urtuan labainduta burua arkaitzetan ausi ez dakizuen; an baitaude pillotuta azkenengo amar gizaldien sinismenak ara eraman ditun argizari-kondarrak.
Senda-tresna ikusgarri batzuk agiri dira beeko kurutzearen besoetatik zintzilika. Urte guzirako zuengandik gaitzak aldendu ta uxatu nai ba'dituzue, sartu gerritik, izterretatik, lepotik, besoetatik eta bizkarretik burnizko uztai biribil aiek. Ara dijoazen danak egiten due beste orrenbeste.
Baña, irakurle, zure begien ikusgarri arrigarritzat, amestu zentzaken begiratokirik ederrenetakoa nai ba'dezu, zoazkio goiko kurutzeari ondora. Ez dezu egundo ikusi izango, araingo ikusgai zoragarririk. Zorabildurik bezela gelditzen dira ara igotzen diran guztiak.
Izarraitz eta Urraki mendiak estaltzen duten lurralde pitiña izan ezik, begien aurrean degu Gipuzkoa osoa lilluragarri. Gandor jeiki ontatik, begipean ditugu erririk zoragarrienak. Ollarrari olloak bezela, magalera urbilduz dijoazkio mendiari Gipuzkoako erriak. Begiratoki amesgarri onetatik bezaingo ikusgai ederrik begietaratu ete-litakio ikusleari iñundik?
Lenengo mallan, legor-erririk aipatuenak, Kantauri-itxaso asarrearen erasoak ikaraturik igesika bai'lijoaz. Ara or Tolosa, Azpeiti, Aia, Andoain, Errenderi. Tarteka, berriz, artasoroak, pagadiak, belardiak eta sagastiak bitxiztatzen due legor-erri oien gerriko apaña.
Andiko aldetik, eguzkiaren argipean dirdirka diarduen itxaserriak ziztatzen digue begininia, asi Zumaiatik eta Biarritz uriñoraño. Itxasertzean alaiki murgilduta agiri dira erriño oek itxastxori zuriak iduri. Aruntzago, berriz, nork igarri nun etetzen dan itxasoa ta nun asten zerualde urdiña? Ain garbi ta begien kilikagarri dago lurrari maite-igortzika dijoakion galartzu urdiña. Luzaroan oarki jarri ezkero, zuriune ta beltzune batzuk ere ikusi litezke begirariz: itxasontzien itzalak eta arrantzalien ontzixken aize-oial zuriak dira.
Ikuszelai zoragarri oni inguru-begira burtzoraturik zeuden bitartean, sapelatsaren garrasia entzun zuen eta, geroxeago, ikusleen buruen gañetik eraiki zun piztiak itzulinguruka egaldi arroa.
Erdi-lotan daude sakonaldeko erriak; logura sortzen baitu eguerdialdeko sargoriak. Gerizpera joanak ditugu txoriñoak ere eguzkiaren zulatu erreari eutsi eziñik. Maite-kantuak mintzo ixillez alkarri ixuriz ibilli oi diran enarak ere. Bealdean, tellatupeko abeetan ditue garai ontan jolasaldiak. Zanpagarria ta aulgarria da beroaren eztena. Nagiak eta ixiluneak gainditu du izadi osoa. Onelako ikusgai kilikagarriak giza-kolkoari eragin oi dioten biotz-ikarari eutsi eziñik, apaizak oiugin zun.
—Bedeinkatua dedilla Jaungoikoa! Aren beatza izadian argiro ikusteko, ez dek iñun au bezelako biderik.
—Orain bost urte, Larraulen egin nin bi illabetez udaldiko atsedenaldia-ta, egunero etortzen nindukan tontor ontara —erantzun zion Agerre gazteak—. Emendik begira nengoela, ikaraldi ziztagarria sortzen zitzaion beti nere biozpeari. Jaungoikua bekoz beko begira zegokidalakoan, alegia.
Egia esan, mendigañeko arkaitzaundi larrugorritu aiek, Jaungoikoak asarrealdian errotik ateratakoak eta ostikoka irauliak dirudie; azpikaldeko arru ta amiltoki izugarriak, berriz, burua zorabiatzen due, noski. Sapelatsak eta arranoak dira ango bizidun bakarrak. Ango ixillak eta mugarik gabeko ikuszelai arek biotza zorrozki zulatzen due. Jaungoikoaren begiratupean bai'geunde, ikara-zimikoak eta egonezin arrigarri batek zirikatzen du biotza.
Ordubetez egon ziran mendi-galurrean ikusgai biotz-erdiragarriari begira erdi-toteldurik, eta, bein begiak naiko ase ziranean, aguerdiburuan, aldapa beera asi ziran. Gora-ibillia ezetzik, beerakoa ere naiko neketsua zan, belaun-dardara sortzen baitu beerantzako ibilliak.
Zelatungo belardietara jetsi ziraneko, Aitzarteko saletxeko babesean zabalduta zeukan abarkatariak mai-zapia. Zirika zebilkien ordurako gosearen eztena-ta, eldu bezain laster ekin zioten bazkariari. Janzalea da, agian, basoko ibillia, eta gogotik ari ziran danak jaten. Abarkataria ta bere seme mutikoa ziran mai-serbitzari.
Otordua erdiratu zanean, artzaiak galdegin zien mendizaleai:
—Berri jakingarriak omen-dituzue egunoetan Zarautz-aldean?
—Ze berri, gero? Nik dakidanik ez, beintzat —erantzun zun Agerrek, bere lagunai begira.
—Abarkatariak esan didanez, apustu bikaiñen bat dezue izateko laster —geitu zun arek.
—Etzekiat ezer. Zein apustu?
—Balendinek jakingo du zerbait.
Zorrotza zan ustegabean egin zioten zirikaldia-ta, naiz bere gogoa biurrikatu bear artarako, zerbait azaldu bearra bideratu zitzaion Balendini. Artean, ordea, etzion ezer esan bere nagusiari ta naiago zukean aopean dana gorde, ari aurrenengoz adierazi arte.
Orrez gañera, aren iritziaren bildur zan; baña onaizkero, nola ezkutatu, an ordurako norbaitzuk zekiena? Bera ixildu arren, besteek agertuko ziokeen bere ezkutua. Bideratu zitzaion zoria naitaez buruzkatzea zegokion eta mintzodardaraz asi zan:
—Bai, burugabe jokatu nitzan atzo ta bear baño geiegitxo itzegin nun eztabaidako beroaldian. Oi bezela, atzo ere, Getarira joan giñan arratsaldia ematen Lopategiko Agustin eta ni; eta, ango sagardotegi batean geundela, ume purtzil batzuek Txandres arrantzalearen seme Joxe, itzez iraindu ondoren, burrukatzera zijoazkion bidegabe, ta aren alde irten nitzalako, ni ere itxusiki iraindu ninduen. Au zala-ta, eztabaida zorrotza sortu zan; eta nik, ero onek, aien itzeginbear errezari erronka zoro batez erantzun nion. Bai, ordea, ondo damutu orain.
Martin apaizak, ordea, ondo ezagutzen zun bere morroi zintzoa ta ba-zekin arek etzitula ateak ainkeriz egundo zabaltzen; izatez ere, etzala burrukazalea. Orrez gañera, orrelako zeingeiagoka ta indar-neurketen zalea zan, eta bere morroiaren naigabea oarturik, esan zion:
—Gizonak, buruz dabillen bitartean, beintzat, ez dik izan bear egite zintzoen lotsarik. Zer apostu egin zenduen?
—Txandresen semeak eta nik eraman baietz orduerdi batean Molarritik Getarira, Txantxiko arrantzalearen ontziska.
—Egingo al-zendukee marka ori?
—Nik baietz uste.
—Noizko egin zendue apustua?
—Amabost egun barru jokatzeko.
Tira, ba. Bein itza eman ezkero, itzari eustea zegokiok gizonari.
* * *
Jaungoikoaren beatz ikuseziñetik zilintzaka, eguzkia eguerdialdetik etzinaldera neurkiro jeisten dan bitartean, pagadietan eta gaztainadietan barrena dijoaz iru gizonak. Garai ontara ezkero, udazkeneko aizeak zugazburuetatik banaka erasten ditun ostoen antzera, ba-dijoaz garisoroetatik etxera, igitariak, jardun latzak aulduak eta zimelduak. Iturriondoetan ezkotzen ditue ur-xaplatekoka lepagañean eguzkiak ateratako erremiñak.
Orainarte saraspeetako itzalean erdilotan egon diran oloak ere, belardietan due azkenengo aztarrikaldia. Gogokoa due beiak ere oraingo larrealdia. Larre-bitartean, zintzarria dilindanga dabilkie lepoan eta buztan-ukaldiz edo ostikoz uxatuko ditue euli-eztenaren ziztada miñak. Errekondoetan narrugorrian eta garrasika dabiltz ume-taldeak. Txarriak, berriz, osiñeko lokatza-zuloan egin due etzanaldi atsegiña ta, bien bitartean, txarrikumeak kurrintza lazkarra digie uxarreari muturra kendu gabe.
Illunabarraren atean begiztatu zuen mendizaleak Zarautz. Etxeko eginbearrak zai zegozkiola-ta, bere lagunengandik aringa aurreratu zan Balendin.
Bidean oztopatu zitzakeanen ikusmiña eragoztearren, bidezabala artu bearrean, etxearen gibelaldetik itxasaldera barreatzen dan sagastiko bidetxiurretik jo zun. Baña an, sasipean ollandari begira dagon basakatua bezala, naigabe zorrotza zegokion zai mutillari.
Sagasti-barreneko mugatik Dorronsorora zijoala, txokondo itzal batean dagon seskadi ezkututik, norbaitzuen itzotsa belarrietaratu zitzaion ustegabean. Nortzuk ete-ziran txokondo babes artan izketaldia zutenak? Jakinmiñak zulatu zion batbatean biozparrena-ta, seska jeikien artetik begira, entzuerne jarri zan lipar batez.
Jesus, ene! Iparbeltzak dardarazi dun adaburua baño areago astindu ta irauli zion asarreak barrualdea. Sugeak eldu izan bai'lio ere, etzuan alaingo biozmiñik artuko. Egia ete-zan begiak erakusten ziotena, ala zorabialdiak lausotu ete-zion ikusmena?
Begiak zorroztu zitun berriro ta belarriak luzatu ere bai. Gezurra zirudin; baña, ez, ez.. Etzeukan begietan lausorik; argiro ikusten zitun begipean zeuzkan neska ta ondo-ondotik muzinka ta laztanka zebilkion mutilla. Suak artu zun burutik oñetaraño. Ordea, begiak ezetzik, belarriak ere naigabea izan zezaen, itzegiten zutenai erne jarri zitzaien berriro.
Eserita zeuden koskatik batpatean jeiki zan Malentxo ta bere lagunari esan zion:
—Etxeratzeko garaia det. Agur, Lon!
Eta itz oek jaulkitzen zitun bitartean, igesika bai'lijoa, seska artean sartu ta ezkutatu zan jolasean jauzika. Mutillak, ordea, laisterka aurrea artu zion, eta eskutik elduz, ibillia tinkarazi.
Zergatik zoazkit ain azkar? Zure aurpegiño zoragarri orri begira negokizuke betiko zoratuta.
Ai maxiolari gaiztoa! Zenbat neskeri esan ete-diezu beste orrenbeste?
Zu bakarrik zaitut nere erregintxo maiteño ta sorgin zorabiatzalle!
Bekoz beko zeuden seska artean neska-mutil biak alkarren ondoan, begietatik maite-sua txinpartaka zeriela. Eta maiteberoaldi zoro artan, gerri zumetik neskaño xaloari besoa bilduz, gartsu bereganatu zun mutillak eta besoartetik igesegiteko indarka zebilkion bitartean, musu bat egotzi mataillean. Mutiko biurriak kabian atzeman dun txoritxo lumatuberriaren antzera, igesegin zun Malentxok arnasberoka mutillaren besoetatik.
Nola susmatu zezakeen ezkutu-maitale biak, maite-jolas artan norbait begira zegokienik? Orrelako susmorik izan ba'lue, buruzago ta erneago jokatuko zitazkian; baña mendizaleak artean itzuli gabeak ziralakoan, zabar eta arduragabe zebiltzan.
Urde zikiña, alena —oiugin zun Balendinek sasiartetik begiak zorrozturik eta Malentxogana igesegin nai zion zakurrari lepogañeko larrutik eutsiz.
Gogoak eman zion antxe bertan lepo-zintzurretik elduta, pizti nardats bati bezelaxe, mutillari burua zanpatu ta lertzea. Ordea, Malentxori kalterik ez erakartzearren, lurrean josi zitun oñak ordukoz eta andereño lerdena etxeatzetik barrura sartu zala iduri zitzaion garaian, eskupean indarka zeukan txakurra askatu ta sagasti-baztarretik ezkutuka zijoan mutilla beatzakin erakutsiz, «xaxa orri, Lau» esan zion.
Ekiñala bizian zalapartaka oldartu zan zakurra gainbera tximista bezain azkar eta arek gibelaldetik egin zion erasoari eusteko beste ez izan-da, sasiartean txinbulika erori zan Zito, zakurraren aginpean. Aiek izan ziran orduan mutillaren aieneka ta istilluak!
Ordukoz naiko zigorra izango zualakoan, seska artetik irten zan Balendin eta zakurrari deiegin zion. Soñekoa arrataz beterik eta errenka zutitu zan mutil ozkatua, oiuka. Balendinek, ordea, zapotzar bat izan bai'litz baño jaramon geiagorik egin gabe, betoker eta mintzo legorrez esan zion:
—Galtzori oetxez ditu besteren salean nolanai ibiltzeak.
Eta oiuka ta zotinka ari zanari begiratu ere gabe, etxealdera zuzendu zan.
Bien bitartean, iñularreko arginabarrean bilduta, aldapa-beera zijoazela, alkarrizketa au zerabilkien apaiz jaun Martinek eta Agerrek:
—Zerbait iri azaldu bearra zeukat. Ezpaiak lotu natxeok, ordea, orain arte; baña adiskide onari dana esatea zegokidak, naiz naigabea sortu nere biotzean —jaulki zun Agerrek.
—I autan bezelako adiskide leialagandik letorkikedana, nere onerako izango dek-eta, esaidak ire azaldubear ori.
—Ire illoba Malentxoretzazkoa dek.
—Zer da, ba? Kezkaturik naukak.
—Mutil bat zebilkiok ondoren eta, marmarrak dionez, anbat ez dek izango mutil ori zuen sendiarterako egokienetakoa.
—Etxekoa izaten dek olakoetan ezjakiñena ta ez natxekian ezertxo ere. Zarautztarra al-da mutilla?
—Ez, erbesteko udalditar bat baizik. Bere amarekin bizi dek, baña isil-misilka belarrira ixuri diatenez, anbat izango die sendi orretan zerbait lotsaz ezkutatu bearrekoa.
—Noiztik ete-dabiltza alkar aituta?
—Lagun ezagutuberriak ez dituk izaten baztarzale; bai, ordea, maitale zarrak.
—Jakiñaren gañean naizan ezkero, lenbailen buruzkatuko diat arlo au. Bien bitartean, bildu ezak sendi orretzaz jakin ezakekan dana.
Ontan, Inurritzako eleizdorreko ezkillaren danga-otsa barreatu zan ibarzelaian eta inguruko mendiak eta itxas-arkaitzak berriztatu zuen geroxeago oiartzuna. Iñularreko Agur, Maria esan ondoren, Dorronsoroko atadian bereizi ziran alkarrengandik adiskide biak illargi zerbelaren argipean.
Pozik etxeratu zan Agerre, biozpean eztenka zebilkion naigabea ustu zualako. Egin zuana egiteko, azaldutakoa baño geiago ere ba-zuan oraindik, nunbait, kolkopeko osiñean. Etzan, ba, gizon ura berriketari ariña.
VI
ZERUA GOIBEL, BAÑA BIOTZAK ILLUNAGO
Zearo aldatu zan zerualdea urrengo goizerako. Gauerdian asi ziran laño lodiak, ardizarrak iduri, medi-gibeletik agertzen eta, leendik itza emanda daudenen antzera, alkarganatzen. Burrukan ekin zioten, berriz, geroxeago odei zuriak eta alkar gainkatuz, adarkatuz eta bultzakatuz, goizalderako, batzuk besteakin estutu ta naasituta, zerupe dana artillez estali zuten.
Sargori zegon, ordea, alaere. Etzan aizealdirik nabaitzen; geldi ta logale zetzan izadi osoa sargori kiskalgarriaren lozorroan. Bealdetik zerabilkien egaldia enarak. Arizti aldetik, berriz, okillaren oiua zetorren noizbeinka. Euriaren zantzua omen-dakar egazti oiulari onen kantuak, agureak diotenez.
Goiz jeiki zan Balendin, oi bezela, egun artan ere. Nagia atera ordukoxe, sega amostua zorroztera juan zan etxeburura. Ukaldika sartu zun lurrean txingura ta, itxasoari begiz begi eserita, segaren ezpañeko akatsak mallu-dangaka leuntzen ekin zion. Garai artantxe zijoazen arrantzaleen ontzitxoak portuti itxaserdira, aize-oialak aizeari zabaldurik; baña aurki bildu bear izan zituen oialak eta arraun-indarrez ontziak erabili. Ezpa'zekarren aizeak ufadaren kemenik.
Segaren akatsak txingura gañean dangaka zanpatzen zitun bitartean, Malentxoren irudia zebilkion Balendini irudimenean atergabe itzulbiraka, argiontziari gabez mitxeletatxoak ibilten zaizkion bezelaxe. Nola susmatu zezakean, ordurarte ain garbi ta zerutiar uste izan zun andereño ederra, gizon txalu baten besoetan ikusibear zukeanik?
Artean etxean iñork etzekian ezkutu gaiztoa salatu zun ustegabe aurreko egunean. Eta orain, ezkutu orren jabe izanda, zer zegokion mirabe leialari? Ikusitakoa bere nagusiari adieraztea? Baña, ez, al-zan egite lotsagarria gizonarentzat, bere burua salatari zital egiñaz, andereño baten izen onari alako kutsu larria egoztea? Ezer ez azaltzekotan, berriz, noraño amildu ete-zitekean irristaka gazteño burugaldua? Berak ainbeste maite zun gazteño xaloa? Aren aldez larrua ere emango zukean pozik Balendinek.
«Au dek, ordea, orain batbatean sortu zaidan buruauste galgarria...! Zer egin? Nola jokatu...?» —oiugin zun gizajoak.
Upelean irakiten dun ardao eginberriaren antzera zebiltzkion Balendini burutapen oek. Buru-barrengo suak eraginda, geroago ta azkarrago ta maizago zeramazkin txingura-gañean malluaren dangadak.
Bukatu zun, azkenik, bere lana; sartu zion segari kertena; lotu gerrian sega-potuaren ugela, ta segaren orpotik saskia buruzbera zeramakiala etxeburutik sagasti-ondoko belardira juan eta zarraztaka indartsuan besoen kiñaldi neurtuetan, belarra maillaka ebakitzen asi.
Bien bitartean, e'tzebiltzan zabar eta logale etxealdean emakumeak. Zazpiretan ematen zun meza Martin apaizak Inurritzako elizatxoan eta aren meza entzuten zuen, egunik utsegin gabe, Josebe etxekoandreak eta bere alaba Libek. Meza-ondorenean, eguneroko zeregiñai lotzen zion bakoitzak bere burua.
Etxekoandre ernaiari zegokionez, egoki bananduta zeuzkan Josebek etxe-barneko eginbearrak. Etzeukan an iñork zer egin zezakean galdetu bearrik; ba-zekian aurretik bere betebearra. Izan ere, ezin-ala eginbear ditu etxebarruak emakume langillearentzat.
Sukalde bi zitun Dorronsorok garai artan lenengo oñean. Kebide itxia ta burnizko labea zeuzkan batek. Sukalde berri ontan beneatzen zituen otordukoak; baña ba-zun ere aintziñako sukalde zar suburu zabalekoa. Antxe, kebideari barrendik zintzilikatzen zan laratzetik pertza exegita, egosten zituen olloentzako ta abereentzako janariak. Mikele neskamearen ardurapean egoten ziran bealdeko lanak eta garbiketak.
Josebe etxekoandreari zegokion, berriz, bigarren oñeko logelak zuzendu, orraztu ta txukuntzea. Libe izaten zun maiz laguntzalle goiko zeregin oetan; besteetan, baña, atsegiñago zitzaizkion ari bealdeko lanak eta araxe jeisten zan. Atsedenaldian eta opor-garaian etzuan Malentxok lan jakiñik.
Elizatik etxeratu bezain laster, sukaldera sartu zan Libe egun artan eta neskameari galdegin zion:
—Gaituta al-daukazu olloentzako orea?
—Bai. Aza-osto egosiakin eta iriñakin egin diet gaurkoa. Orra or kutxa-ondoan pertza.
—Neronek eraman bear diet gaur —jardetsi zun arek.
Eldu zion Libek pertzari eskulekutik eta, atadira zijoan bitartean, olloai deika asi zan. Etxetik asko urrindu gabe zebillen artean ollo-taldea-ta, karakaz eta zalapartaka erantzun zioten etxekoandre gaztearen deiari.
—Ux, ux…! —zegien ibillia eragozten zioten egazti gosetiai, ibilbidetik uxatu naiaz.
Ollo-talde artan, ba-ziran andereño liraiñak eskutik zintzilika zeramakin ontziraño jauzi eginda, orea mokokatu nai zuten egazti lotsagabeak ere. Etxeatzeko iturriondora eldu zanean, jarri zun ontzia lurrean eta, aste betean gosez ilbearrean egon bai'lira, eraso zioten ore-pilloari, aldameneko lagunari noizbeinka mokoka zorrotza erantsiz. Lepoa luzatuz eta biurraldikatuz iresten zituen ore-zati legorrak peaporaño irristakatu arte.
Mokoka ta zalapartaka ziarduen bitartean, banaka banaka zenbatu zitun Libek egazti jaleak. Bein eta berriro zenbatu bear izan zitun, ordea. Bat, bi, iru.
—Ez, ez; ez da agiri gure ollo nabarra. Nora joan ete-da txoroska ua? Purr, purr...! Ain otxana izanda, besterik ez bezelako arrautzagillea, gañera-ta, bai tuntuna dala gaxoa —ixurtzen zun eztiro andereño liraiñak ezpainarteko xokondo gorritik.
—Aizu, Mikele, ez al-dezu ikusi gaur gure ollo nabarra?
—Ez. Atzo ere etzan agertu iñularreko janaldira. Nunbait kabia eginda, lokatua egongo dala susmatzen det.
—Bai? Aurki billatuko diot, ba, bere gordelekua.
Eta etxeatzetik sagastialdera zuzendu zan Libe, antxumearen gisan jauzika. Sagastiko sasiartean eta sastraketan egin izan zun lenago ere kabia ollo aek eta txitak jaio arte, sasipean egon ere. Orain ere ba-zitekean alako zokondoen batean egotea.
Etxeburuko langa gainditu-garaian entzun zun Balendinek zerabilkin segaren zarrazta-otsa. Eta mutillarren begiztatzeak etzion, agian, naigaberik sortu neskatxoari; bai, ordea, pozaldiaren ziztadak biozpea zirikatu.
Ain otxan eta ain eskurakoi ikusirik, norbaitzuk uste zuen etzeukala Libek bularpean biotzik. Irribarre gozoa loratuta gelditu zitzaion betiko ezpainartean. Irribarre arek etzion egundo igesegingo agoarte zoragarritik, ez naigabe-garaian, ez pozaldietan. Esan zitekean aren biozpean ekaitzaldirik eta aizealderik sekula etzala sortu. Urmaeleko ur gardenaren antzekoa zun gogoa; maiatzeko eguzkiaren irriñoa bezelakoxea; enarak urratzen dun ugin-bitsaren gisakoa. Ondorengoz, biotzik gabeko aingeru-iruditzat epaitu izan zuen norbaitzuk.
Baña orrela epaitzen zuenak, etzekien Liberen biotz-barrengorik ezer. Bein baño geigotan arinduagotu izan zitzaizkion biziki biotzaren taupadak; baña nork igarri olakoetan ezer, aurpegiko tankerarik, emakumetxo ikasiari? Biozparrengo aizealditxoak neurriratzen eta esiratzen zekiana zan, ba.
Norbaitzuk besterara uste izan arren, ba-zitun aundiro atsegiten zioten gauzak; alere, eskurakoi ta errazki jarriko zan noznai bere amaren edo osabaren gogoerara, naiz orretarako bere biotza biurritu bear izan. Berorrelaxe ixurtzen du usairik gozoena, arkaitzondoko itzalean ezkutuka jaio dan loretxo apalak, norbaitek ustegabe oinazpian zanpatzen dunean.
Etxeburuko langa gaindituta, belarditik Balendin begiztatu zuanean, pozaldi azkar batek ziztatu zion Liberi biozpea ta arenganaxe zuzendu zituan urratsak. Ondo zekin neskañoak, olloaren gordelekua lenbailen aurkitzeko, etzezakeala izan eskuartean aren laguntza baño bitarte oberik.
Bai al-zan, ba, alaingo mutil azkar eta egokiak etzezakeanik ezer? Ez segan, ez aizkoran, ez lanean, ez egokitasunean, ez indarrean, etzan inguru arietako mutil gazteen artean, aren ukondorañokorik. Nai izan ezkero, erraz ausiko zitukean arek danak edozertan. Alaere, ordea, etzuan egundo indarrik burugabe erabilliko; etzion sekula iñori bidegabekeririk egingo. Beti neurrian, beti egokitasunean jokatzen zana zan. Onelako mutillaren laguntzarekin nola bizitzako galzoririk larrienak biotz-zabalki buruzkatu ez? Gainberako ibilli erreza zitakian uaxe nornairentzat.
Beste munduko gauza al-zan ontziburu ikasi arekin itxasoa aldez alde ikararik gabe zearkatzea? Eta belardi-zear zijoala, andereño samur eta xaloak biziro aundi-esten zun Balendinen indarra ta trebetasuna.
—Egun on, Balendin —agur-egin zion maiteki—. Ez al-dezu ikusi inguru oetan gure ollo nabarra?
—Gaur ez —erantzun zion arek—; baña aurreko larunbatean, bai, bi bider ikusi nuan emendixek seskadi-aldera zijoala.
—Egun oetan ez da etxera azaldu-ta, ementxe nunbait kabia egin ote-dun nago.
—Seskadiko sastraka oietan egin ezpa'du.
Eta biak seskadiko sastraka-artera zuzendu ziran bata bestearen atzetik. Bereala aurkitu zun Balendinek ollo maltzurraren egotokia. Aurreko egunean mendialdetik zetorrela zakurrari lepotik eutsiz sasiartean gordeta egon zan tokitik, olloaren kabira bitartean, etziran egongo iru oinkada.
Ixillean atzeman nai izan zun Balendinek olloa; baña sasipetik eskuak luzatu ziozkan bezain laster, egoak arrotuta, karakaz eta istilluka irten zan bere oetik burrukalari; ta bizkor eraso zion atzemalle ausardiari egaztiak mokoka, «klok, klok» egiñaz.
—Atoz, Libe. Amar arrautza dauzka jaiotzeko ta txita jaioberri bi.
Urreratu zan Libe sasiondora ta egaztiño jaioberrietako bat eskupean kutunki artuz, bigunkiro laztandu zun. Gero, berriz, aren mokotxua ezpain gorrietara urreratuz, maitekiro mosukatu-ala, ara nola mintzatzen zitzaion:
—Pi, pi, pi! Gaxua! Auxe egaztitxo polita! Ba-zenduen, ba, noski, etxealdean jaiotzeko toki oberik. Nola ekarri zaitue zoko ontara gure ollo nabar tuntunak?
—Etxera eraman nai al-zinduzke? galdegin zion Balendinek.
—Bai, bai. Jarri egizkidazu poliki mantaleko txokoan eta emenxe eramango ditut epel-epelean.
Kabiondotik banaka-banaka atereaz, magaleko txokondo epelean jarri ziozkan poliki arrautzak eta txitatxoak. Urrena, berriz, gibelaldetik moko-zartaka zebilkion olloloka atzemanda, galtzarbean zeramakilla, etxeko atadiraño lagundu zion etxekoandre gazte liraiñari.
* * *
Gertakizun oen bitartean, ardura aundiko zerbait zerabilkien eskuartean Martin apaiz jaunak eta bere arreba Josebek, Etxeko gela nagusian orduerdiko ezkutu-izketa eginda, erabaki zeatza artu duenen tankeran, irten ziran biak orduerdiaren buruan.
Jeikia zan ordurako oetik Malentxo ere-ta, gosari-ondorenean osaba Martin atadira irten zan garaian, Libek sagastitik eraman zitun txitai begira ta laztanka ziarduen etxeko danak inguru-aldran. Alkar-izketak zioa bideratu zion bezin laster, Malentxori bekoz-beko begira jarri zitzaion osaba Martin eta ara jaulki ziona:
—Baña, Malentxo, geroago ta zurbillago ta argalago aurkitzen aunat. Gaxo al-ago? Zerbait al-daukan?
—Nik? Ez, orixe! Iñoiz baño ere osasuntsuago nabillela esango nuke.
—Ire egunetik egunerako argaltze orrek kezkaturik natxeukan, ba.
—Zer ardura dio, ba, piska bat argaltzeagatik osasunez ondo ibilli ezkero?
—Alaere, ire osasunari arretaz begiratu bearra zegon. Bildur naun, orrela jarraitzekotan, argizaria bezelaxe urtuko ote-aizanan.
Alkar-izketa au zerabilkien bitartean, atalasean azaldu zan Josebe etxekoandrea ta bere anaiaren azkenengo itzak entzun zituanean, ara zer esan zun:
—Ni ere aspalditik nabil Malentxoren osasunagatik naigabetua. Juan dan astean, Zarautztik onuntza nentorrela, bidean egokitu zitzaidan Sabas osalari jauna. Nire kezka azaldu nionean, bai al-dakizue zer erantzun zidan? Aldi batekoz mendi-aldera joatea lukeala osabiderik onena. Ordea, nere alabarengandik aldendubearraren biozmiñak eragotzi dit orain arte esanbear au. Baña, orretzaz mintzatzen asi zeraten ezkero, ara nire iritzia. Lasturretako maiztarraren baserrira juan bear zendukee aldi batekoz Libek eta zuk.
—Baña, ama! Zergatik kezkatu orrenbeste nere osasunagatik? Oso ondo nago. Gañera, zuengandik ain urruti joateak, bai, gaxotu bear naula zearo! Nola bizi gindezke luzaroan baserri artan? Ama, ez ezazu orrelakorik esan!
—Ez, ez. Ez dira txantxetakoak osasunarekiko gauzak —jardetsi zun osaba Martinek—. Lenbailen osabidea jartzea da onena; geroago ta okerrago izango litzake, bestela. E'letorkio gaizki Liberi ere ango egonaldia.
—Tira! Norbaitek lagundu bear ba'dio, poz pozik lagunduko diot nik —erantzun zun Libek—. Lenago ere izan gindunan antxe txikitan. Ez al-aiz gogoratzen?
—Ama! Ez det nik ara jun nai.
—Amaren aginduetara ibiltzea ta makurtzea zegokion alaba onari, Malentxo —erantzun zion osaba legor-antxean.
—Ea, ba, biar edo etzi juateko gertutzen ditugun eskuarteko tresnak eta jantziak. Ain zuzen ere, ez dezue bear beste munduko gauzarik baserri batera joateko —geitu zun Josebek alkarrizketa amaituz.
Etzuan izan Malentxok geiagoren bearrik osabaren eta amaren itzak noraño zijoazen igartzeko; begitarte azkarra baitue jatorritik emakumeak giza-biotzari dagozkionak iraduz sendutzeko. Aurretik oarki artutako erabaki tinkoa zirudin agertu zutenak. Zergatik zetorren, bestela, batbateko lenbailenka ua? Onean ezpa'zezakeen, aien agindura naitaez makurtu-eraziko ote-zuen susmoa sortu zitzaion. Eta bere ezin-ezean, negarrari ateak oro zabalduta, matailletatik beera malko mardulak zerizkiola, zotinka samiñean asi zan. Ua zan neska maiteminduaren biozmiña!
Logelako ispilluaren aurrean orrazketan ari zan Malentxo orduerdi batez geroago ta aurpegi liluragarriari paregabeko urre-buruntza zegioen ille bitxiztatuen artetik, aundituta agiri zitzaizkion begizuloak. Urrezko mataza dirdaitsua esku-atseginkatzen zun bitartean, biozpeko labean egosten zijoakion asmo bat. Irakin-garaian ontzitik ganezten dan esne egosiaren antzera, zijoakion zerbait biozparrendik burura. Eta barrendik zijoakion etorri indartsuak, gainbera zeramakion norabait gogoa labainka.
Nola eten zitzakean batbatean urte batzuez lenagotik Zitorekin zerabiltzkin artuemanak? Nola zuztarretik atera zartako batean, ain sakon erroturik zeuzkan biotzondokoak? Bestaldetik, berriz, etxekoai dana adieraztekotan, nola artuko ote-zizkioen bere azalpenak? Nola eman, gañera, amari bere leengo ibillien berri? Ua estuasuna! Ua barrendiko lertubearra! Zer egin zezakean zori artan?
Kezka zulagarriaren bean, lertu bear zitzaion barrunbea; naastu bear zitzaion burua. Estuasun artan, samindasun zorrotzak gainditu zion berriro bularpea. Biozmiñak lausotu ziozkan begiak. Eta biozparrendik irten zitzaion negar-ugaldeari eutsi eziñik, mai-gañean tinkatutako besoen artean ezkutatu zun aurpegi zoragarria begiondo aundituetatik leiarrezko bitxi ugariak dizdizka zerizkion bitartean. Orrelaxe egon zan zotinka luzaroan.
Alako batean, ordea, barrualdeko zerbaitek eraginda, eserita zegon arkitik batbatean jaikita, burutik zerion adatsa arinka bildu ondoren, bere gelatik irten zan begietatik txinparta-jarioka. Gela nagusian zegon une artan osaba Martin eta araxe zuzendu zan neska biotz-samindua.
—Osaba, zergatik bialdu nai nazue Lasturretara? —itaundu zion mintzo-ikaraka.
—Neska, zergatik artu den arlo au orren estu? Ire osasuna bear bezela zaitzeagatik izan den. Itxasaldekoa baño bearrago zain osasunarentzat legorraldeko aizea.
—Nere osasunari begiratu nai ba'diozute, utzi nazazue emen nagon bezelaxe. Askoz ere okerrago izango zait emendik joatea.
—Baña, Malentxo, zertatik sortu zain orrenbesteko tema estua ta samiña? Beste zerbaitegatik daginala negar esango niken.
—Tira, ba. Itz ori aitatu dezun ezkero, gauzak argi ta garbi esan bear dizkizut. Ba-det nere zergatia Zarautztik irten nai ez izateko.
—Neska, ez aunat egundo ikusi gaur bezela. Zerk sutzen aun orrela? Baretu adi lenengo, ta gero itzegingo diñagu; aizatzalle zitala den, ba biozmiña.
—Ez, ez. Lertu bearrean dabilkit barrualdea. Zarautztik aldendu bear dedala esan didazuenez gero, biozparrendik datorkidan min izugarriak sutzen nau oraintxe zoratzeraño.
—Jesus, ene! Ori den ire joera lotsagarria! Buruzago jokatzen ekiñalakoan negonan. Baña etzekiñat noraño oan oraingo zoroaldi onetan. Ezin diñat susmatu zerk sutu aunan orrenbesteraño.
—Zarautzen zerikusia daukatalako, ez det jun nai emendik iñora.
—Zer daukan zerikusirik emen?
—Mutil batekin.
—Mutil batekin? Zer esaten ari aiz, gero?
—Bai. Donostin ezagutu nun mutil batekin daukat zerikusia.
—Baña, Malentxo, bai burugabe jokatu aizanala! Bai al-dakin, gañera, mutil ori nor dan eta zein senditakoa dan?
—Nik dakidana da berak maite naula ta nik ere maite dedala.
—Au den buruaustea dakarkigunana! Noiztik darabilkizue zuen arteko artuemana?
—Ba-dira bi urte mutil ori Donostin ezagutu nuela.
—Baña nola asi itzanan izketan beste geiago gabe mutil ezagun-ez batekin? Burugabea izan aiz, benetan!
—Bai, burugabe jokatu naiz, egia! Baña beranduegiko gauza da, lengo utsegiteak orain zuzendu nai izatea.
—Ez gindunan orrelakorik asko uste! Lo lasaiegia izan diñagu, agian, orain arte. Gaurko egunak, orratio, buruauste samiña zekarkigun.
—Osaba, ez da izan nere asmoa zueri samiñaldi au erakartzea. Onaizkero, ordea, nola zuzendu nezazke arinkeriaren ondorenak? Ezpai'det mutilla uzteko adorerik. Lagundu nazazu, arren, osaba, nere zorigaitzean.
—Tajuzko mutilla ba'litz, ez ukene zuzendu-eziña arlo au; ez gindukene arekikorik eragotziko. Baña elizkoia, langillea ta sendi onekoa ete-da? Bear bezelakoa ete-da?
—Ez dakit nundikakoa dan; baña neretzat oberik eziñekoa izan da, beintzat.
—Maite aunagu, Malentxo, ta ire gauzak arretaz begirartu ta zaitzea zegokigun. Berorrexegatik, orrelako baimena zoro eman baño len, gurasoak arduraz aztertu bear dizkiñae gorabera guztiak. Lege oneko mutilla ba'da, ez diñagu gure baimenik ukatuko. Baña nere laguntza nai baldin ba'den, nere eskura utzi bear ditun aurretioz gauzak eta nere erabakietara jarri.
—Zer egin bear det, ba?
—Oraingo eginbearrik lenengoena guretzat, ire osasuna bear bezela zaitzea den. Beraz, oa Lasturretara amabost egunerako ba'darik ere. Bitarte ontan, aztertuko dizkiñat astiro bear diranak eta, bidezkoa ta itxurazkoa izan ezkero, itzultzen aizaneko, gure baimena ere izango den. Jartzen al-aiz nere agindura?
—Amabost egunerako besterik ezpa'da, joango naiz.
—Ba-den, ordea, oraindio geiago ere. Arik eta nik gauza oek bear bezela argiztatu ditzadan arte, ez den arekiko artuemanik bear ezertan.
—Osaba...!
—Naitaezko betebearra den. Leen burugabe ta zarpail jokatu bai'aiz, orain buruz eta erne jokatzea zegokigun, ni bitarteko naizan ezkero beintzat.
—Tira, ba. Beteko det ori ere.
—Nun bizi da mutilla?
—Ondartzaburuko jauregitxo batean udaldi-bitartean. «Maitearena» deitzaio jauregitxoari.
Utsa adiñeko oñazea kendu zun, arranotan, Malentxok biotz-gañetik. Odei beltz izugarrien artetik, itxaropenaren irriñoak ziztatu zion begininia. Bai biotza lasaitu ere, ondorengoz! Negarra zeriola irten zan osabarengandik; baña orduko malkoak etziran leengoen senideak. Pozaldiaren garaikoak baño. Uginartean ondatu-zorian arnasestuka dabilenak, eskua luzatu dionari dagion irribarrearen senideak ziran oraingo malko eztiak.
Gela nagusitik irtenda, zurubietan beera zijoala, amarekin egin zun Malentxok oztopo bidean. Begiratu laisterrez aztertu zun arek alabaren begitartea-ta, begiondo gorriztatuak oarturik, bigunki jaulki zion:
—Zer den, Malentxo! Ez al-din amak ire gauzak jakiteko eskubiderik?
Amaren itz samurrak eta zirimola entzun zituanean, nola eutsi begietara berriro zetorkion ugaldeari? Orduantxe bai zabaldu ziozkala ateak alderen alde negarrari! Neskaño gaxoa! Ikaraldika eldu zion lepotik amari alaba biozminduak eta bi aldiz musukatu zun luzaro. Itz oneik ixuri ziozkan, bitartean, maitekiro:
—Zoaz osabarengana, ama; zerbait esan bear baitizu arek.
Zalantzan zebillen Josebe goiz guztian eta etzuan geiagoren bearrik izan bere anaiarengana gela nagusira jakinmiñez arinka joateko. Beste orduerdiko alkarrizketa izan zuen berriro anai arrebak.
Amaika bider ikusi izan ditugu mutilko biurriak urmaelean arri-konkorra jaurtitzen eta geldi ta nare zegon ixurki gardenean blaustatekoz naspillaldia ta ekaitza sortzen! Ara or, nola jaio zan biozmiña Josebe etxekoandrearen biozpean, anaiarengandik bere alabarekikoak jakin zituanean. Ordea, naigaberik zulagarrienetan, gogo-oñaze garaian alegia, bear zuan eroapena Jaungoikoarengan aurkitzen zekiana zan emakume ura.
Zori artan, eginbearrik larriena, mutillarengandik nolabait aldi batekoz neska aldendutzea zan. Gero, aldia bitarteko zala, gainberago ta errezago esiratu zitezkean gauzak. Bien bitartean, gañera, mutil ua nor zan eta zein senditatik zetorren jakin bear zan. Betea zegon, beraz, eginbearrik larriena. Urrengoak ere, Jaungoikoaren laguntzarekin eta aldiak bitarteko izanik, berenez joango ziran orpora, zulotik irten dan ardazburua bezelaxe.
Bien bitartean, goizaldean artillez estalita ikusi degun zerualdea geroago ta illunduagotuz dijoa eguerdiranz. Orroaldi zakarrak datortz noizbeinka urrunaldetik; aldizka, berriz, aizealdi laisterrak, mendiak eta basoak isastu ondoren, auts-lañoak arrotzen ditue bideetan. Beltzez jantzi da zearo itxasaldetik zeru-muga. Ekaitzaren zantzua usnatu duenean, lenbailen itzulbira eginda, portura datortz egiñalan ontzixkak. Buru-gañetik daramakigue itxastxoriak egaldia garrasika lurraldera.
Euri-tanta lodiak dakartzi lenengoz aizeak egoetan; geroxeago, ordea artalea zakutik gañeztu zaion errotariari bezelaxe, kazkabar-erauntsia darie lañoai. Turmoiaren burrunba-ots izugarria lertu da Ernio-mendiaren galdorrean. Ara, berriz, tximistak ortze-zear irakaldika jolasean, suzko suge biurriak bai'lira.
Ziztu zorrotza dagi, bitartean, aizeak zugaztietan eta tellatuetan. Artasoroak eta garisoroak ere bizkarra makurtu bear izan dute, arranotan, erasoaren azpian! Zuztarretik atera bearrean darabilzki zugaitzak; arakatu ta astindu ditu azpikoaz gain gari-metak. Eguerdia izan arren, illunaurrea dala dirudi; ain dago illun; ain dago goibel.
Goizeko sargoria, orratio, batbatean itzali da; ezur-miña dagi oraingo otzaldi galgarri onek. Ara! Kazkabarraren ondoren, arri-erauntsiak zurizkatu ditu txint batean belardiak eta soroak. Au da zalaparta! Au da arriaren sarraskia! Burrunba izugarria dagie berriro turmoiak bata bestearen ondoren eta alkarren atzetik jolaska dabiltz tximistazko suge gorriak. Orduerdi betez ez du iñork entzun ekaitzaren orroa besterik. Bildur-ikaraz totelduta begiraratzen dute baserritarrak leiotik soroetara. Jaungoikoaren izena! Alper-arriak oinazpian geldiro zanpatu izan bai'litu bezelaxe, lotu dira garisoroak eta artasoroak!
Baña, ez, ez. Etziran ainbestekoak izan ekaitzaren kalteak. Ainbesteko burrunba-otsa ta aizealdi zakarrak ikusirik, azpikoaz gain dana irauli, sutu ta zartatu bear zuela zirudin; baña, Jaungoikoari eskerrak, erauntsi-ostean, baserritarrak soroetara irten ziranean, aundiro lasaitu zitzaien gizagajoai biotzondoa. Gariak, bai, auspeztu ziran eta artoak zerbait makurtu ere bai. Baña ordutik amabost egunerako artoak zutituko ziran. Bai orixe! Bestaldetik, berriz, naiko eskasak ziran lenago ere gariak-eta, etzetorren andik galkuntza aundirik.
Ekaitz-ostean, odol-kusku ikaragarria bezelaxe azaldu zan eguzkiaren uztaia odei urratuen artetik. Baso-usaia zekarkin aizeak nunaitik. Belardietatik eta soroetatik jeikitzen zan lurrunaren usaia zan gozua!
* * *
Osoro argitu zan zerualdea arratsalde-erdirako ta arginabarraren adol-izpietan jantzirik zijoan eguna etzinaldera. Garai artantxe, iñularraren atean, iritsi zan Getaritik Zarautzko portura Txantxikoren ontzitxoa. Txandresen seme Josek eta bere lagun batek eraman zuen araño arraun-indarrez. Itxedoten zegokien ordurako kai-ezpañean Agerre ta aiek begiztatu bezain laster, mandatari bat bialdu zion Balendini laisterka Dorronsororaño, lanean asteko zai zegozkiola ari adierazteko.
Balendin eta Lopategiko Agustin portura bildu ziran garairako, jende-mordoska ugaria eraman zun ikusnaiak portualdera ta, bidegaiñeko ormari ukalondoak egotzita, ikusmiñez begiak zorrozten zituen. Umekondoak, berriz, ankarteraño sartuko zitazkian aozabalka. Agotik agora ibilli zan, ba, aurreko egunean apustuaren berria-ta, alde batera edo bestera dirua jarriko zukeen askok, zizkua arriskatu baño len, begiz ikusi nai zuen arraunlarien lana. Ba-zeuden an Getaritik bertatik ikusnaiz juandako norbaitzuk ere; ango apustulariak bialdutako zelatari maltzurrak ziran. Beraz, kontuz eta erne ibilli bearra zegon; ez nolanai ta ajolagabe.
Illunaurreak itxasgañean itzala zabaldu zun garaian irten ziran portutik gure gizonak. Nasaren ezpañean lotuta zegoan ontzia bultzada indartsuz ormatik aldendu ondoren, zisne bat bezain lerden jeiki zan portu-atetik itxaserdirantz. Txairo urratzen zun muturraz ugiñen saiets urdiña, ibilli-ala.
«Eup! Ori dek sasoia!» —oiugin zien Agerrek arraunlariai lurraldetik begira zegozkienen itzotsa galdu zuenean; aien adorea piztu nai zun eupada arekin. Indarraldi bakoitzean, irringa lazkarra zegien arraunak lokarriaren igortzian. Agerrek artu zun ordukoz lema, eta aren aginduen neurrira zeramakien ekiñaldia Balendinek eta Joxek. Atzeraxeagotik zijoakien, berriz, Agustin txaneltxo arin batean; Bein Mollarriko arkaitzaren mugara iritsi ezkero, txaneltxora jauzi egiteko asmoa zun, ba, Agerrek. Orrez gañera, apustu-egunerako bear bezela zaildu ta oitu baño len, marka au egiteko gai ziran edo ez jakin nai zuen lenbailen.
Astuna zan, agian, Txantxikoren ontzia ta Getarin zanik zarpailenetakoa ta baldarrenetakoa. Berorrexegatik aukeratu zun Balendinek ontzi astun eta erabilgaitz ura, bere erronka jaurti zuanean. Batezere, portuko atea gaindututa, itxasandiko saillera sartu ziranean, ermo tinkatu bear ziran, arranoetan, arraunak, ibilbidetik ontzia okertu etzedin.
Ondo baretu gabe zegon, artean, itxasoa ta aizealdiak noizbeinka arrotzen zitun nasialdietan, ugiñen gandorreraiño igo ondoren, ur-zokondora oldartzen zan batbatean, oinpeko salairua zartatu zaion abere amildua bezelaxe. Etziran nai bezin azkar eldu Mollarriko arkaitzetaraño.
Mollarriko arkaitz-muga jo zuenean, tink egin zuen arraunlariak. Agustinen txanela oinkada baten neurrira urreratu zitzaienean, bertara jauzi bizkorra egin zun Agerrek eta lagunai oiugin zien:
—Oraintxe erakutsi bear diguzue marka ori egiteko lain zeraten edo ez. Gaurko itxasanditu au ez dek aukerakoena orretarako; baña, obe. Noiznai egingo dezue, itxaso barean, gaur dagizuena baño geiago.
Joxe jarri zan lemazai; Balendin, berriz, arraun-aulkian. Lematzat, orratio, etzeramakian Joxek arrantzaleak erabilli oi duen tramankulu sastarra. Apustu ua irabazteko, lemazaiak, ibilbidea zuzendu ezetzik, arraunlariari ere ermo lagundu bear zion eta, orretarako, lema-tresnarik egokiena arraun aundi bat zan. Ez da, orratio, gabetik goizera ikasten dan lana lema-arrauna bear bezela, laguntzalle ta eskurakoi, erabiltzea. Jardun orretan ikasia izan bear du, eginbearra egoki ta txairo betetzeko.
—Gertu al-zerate? —otsegin zien Agerrek.
—Bai!
—Tira, ba. Ekin, mutillak! Eup!
Aurreko zear-aulkian oiñak tinkaturik, atzealdera burua ta gerria kakotuz, egin zun Balendinek lenengo indarraldia. Ontziari, bear bezelako ibillia egotzi zionean, neurkiro zerabiltzkin arraunak, errotako maratillak dagin krakatekoaren antzera. Ondartza-aldera okertzen zuen uginaldiak ontzia. Oker-ibilli artan, al zanik gutxienen bidea luzatzearren, itxasoaren azpiko indarrari sendo eutsi bear zitzaion, demorrio pola!
Aizak, Joxe! Biedari ezetzik, Balendini laguntzeari ere begiratu bear diok —deadar egin zion Agerrek Txandresen semeari.
Etzeukan mutil onek iñork aizatu bearrik; gogoz eta sukar lotu zitzaion ekiñaldiari. Alaere, orratio, Agerreren deadarra entzuki, eskuetan zerabilkin arrauna urpean erdiraño sartuta, arraunlari ikasiak dakien azpiko inguru-erabilli sendoz, bikainki laguntzen zion Balendin indartsuari, gerria ta soña zumea bezela bigunduz.
Iru ordu laurden egin zituen Mollarritik Getariko portura. Lenengo ekiñaldian izateko ta, gañera, itxasaundituan egiteko, etzan, noski, marka eskasa egin zuena. Urrengo egunetako jardunak egokitu ta zailduko zitun lanera. Atsanka ta arnas-estuka iritsi zan Joxe Getarira, egin zun indarraldiakin. Ain zintzo jokatu zan mutilla.
Balendinek, ordea, indarrak neurkiroago ta buruzago erabiltzen zekin. Ba-zekin arek bere kolko-barnean, egin zuan marka baño ere geiago egin zezakeala. Nork igarri, ordea, ari zenbateraño zezakeanik? Gainbera labainka dabillenaren jasez zegian beti bere lana. Begitarte alaia atera zun Agerrek; ondo ezagutzen zun, ba, Balendinen izaera.
Lenengo ekiñaldi au bukatu zutenean, Txantxikoren ontzia Getarin utzita, txanelean itzuli ziran Zarautzko iru gizonak. Urrengo egunerako lan-tresna batzuk erosi bearra zeukala-ta Agustin uriaren biotzera aldendu zitzaien bitartean, ondartzaburuan jeikitzen diran jauregien artetik Inurritza aldera zijoazen Agerre eta Balendin.
Baña jauregitxo baten ondora eldu ziran garaian, tink egin zun arek eta otsik atera gabe ixilka ibiltzeko kiñua egin zion bere lagunari. Zearo estalita zeukan ordurako gau-itzalkari illunak zerualdea, baña jauregitxoaren ezkerreko leiotik irtetzen zan argi-txirristara, «Maitearena» irakurri zun Balendinek sarrerako ateburuan. Zuaitz bi zeuzkan etxeak ezkerraldeko baratzatxoan, eta, ain zuzen ere, argia agiri zan leioaren parean pikondo batek zabaltzen zitun adarrak.
—Pikondo orretara igoko al-itzake? —galdegin zion Agerrek aopeko mintzo ixillez Balendini. —Ire nagusiaren gurari bat betetzeko, etxe orretakoen gorabera bat jakin nai nikek.
Aurki susmatu zun mutillak Malentxorentzazko zerbait ete-zerabilkin Agerrek eskuartean-da, erantzun zion:
—Ez da gauza zailla zuaitz orretara igotzea.
—Tira, ba. Igo adi ta usmatu ezak barrualdea, ia ezer ikusten dekan. Kontuz ibilli, orratio, iñork barrundatu ez agian.
Katua bezain arin igo zan Balendin zuaizburura ta barrualdetiko leio-zapi saretik lipar batez begiratu ondoren, igo zan bezin zailu jetsi zan.
—Ezer ikusi al-dek? —itaundu zion arek berriro.
—Bai, baña naiago nuke zerorrek zere begiz ikusiko ba'zendu nik ikusi dedana.
—Norbait ba-al-dago barruan?
—Emakume bat eta gizonezko bat daude. Ezkonberriak dirala esango nuke —jaulki zun Balendinek maxioka.
Orixe ikusi nai nikan. Bultzatu nazak azkar zuaitz-gañera.
Esan eta egin, lentxeago Balendinek egin zuana berbera egin zuan Agerrek ere, eta jauzi ariñez zuaizburutik jetsita, lenbailenka aldendu ziran biak ixilka toki artatik. Zangarteka zijoazela, Agerrek galdetu zion:
—Bai al-dakik zein dan leiotik ikusi degun gizona?
—Ez nik.
—Orixe dek Inurritzatik Zarautzera dijoan bidezabalean jokoetxea jarri nai izan duna, Leopoldo Vargas dik izena eta erne ibilli bearreko piztitzar tajuzkoa izan bear dik. Emakume ori, berriz, aspaldi entzun nikan gizon orren emazteorde emegaldua zala-ta, gure begiok ikusi duena ezin ukatu. Malentxoren ondoren zebillek aspaldi ontan emakume purtzil orren semea-ta, orixe dek arlo ontan gauzarik okerrena. Ez dik izan bear zirtzillu eskasa mutil orrek ere. Vargasen antzeko piztizarra!
Demorrio likitsa! Etxe orretakoa al-da Malentxoren ondoren dabillen mutilla?
—Jakiñaren gañean al-itzan i ere? Txalu orrexeri Malentxorekiko bideak, geien da geiago, eragoztea nai giñukek lenbailen.
—Ez ete-zabiltzate beranduegi?
—Beranduegi? Zergatik?
—Aizu, Agerre. Malentxori kalterik eta naigaberik ez erakartzearren, ez nuan iñori ezertxo esateko asmorik, baña gauzak orrenbesteraño nastu diran ezkero, ta mirabe leiala naizan aldetik, dakizkidanak azaltzea dagokit. Baña, Agerre, ezkutu oek ez due erten bear iñolaz ere zure kolkotik.
Aurreko egunean mendialdetik etxera zetorrela sagastiko seskadian gertatu zitzaiona edestu zion Balendinek bere lagunari. Eta orrelaxe alkarrizketan zijoazela, zerabilkien zangarteka zailuan, ordulaurden batean begiztatu zuen, illargiaren argi zerbelera, Dorronsoroko torrea. Orratio, an ere ustegabeko naigabe zorrotza artu bearrean ziran gure gizon biak.
Atadialdeko atean azaldu ziran garaian, Libek esan zien:
—Gure txakurrak zerbait ba-du. Orduerdi batez ementxe egon da oñaze-kaliskaz eta lentxeago ezkutatu da etxeatzetik arrastaka ta min-oiuka. Oñaze aundiak zitun, nunbait, errukarriak. Juango al-zakio billa, Balendin?
Susmo txar batek ziztatu zion une artantxe Balendini begitartea ta laisterka irten zan zakurraren billa. Etzuan, ordea, urrutira joan bearrik izan. Etxeburuko langa-ondoan zegoan ordurako ilda.
Ua izan zan Balendinen biozmiña! Asko maite zun txakurra-ta, aren ustegabeko eriotz arrigarriak biziki zarraztatu zion kolkoartea. Besoartean artuta eraman zun atadiraño. Etxeko danak agertu zuen aieneka txakurraren eriotzazko biozmiña. Libe lirañak kutunki mosukatu ere egin zun bein baño geiagotan. Lelo bat zerabilkien danak agoartean.
—Norbaitek erail du zakur au. Batbateko eriotz au lupuaren ondorengoa da. Nor izan ete-da orrelaingo gaizkillea? Ez genduan uste iñun areriorik genduanik.
Ara zer zion Malentxok berak ere:
—Bai, bai. Biozgabea ta gaizkillea izan da, benetan, zakur au orrela erail duna.
Etzekian asko neskaño xaloak zein zan alako gaizkillea. Etzezakean iñolaz ere susmatu alakorik. Bestela, aopean lotuko zukean bere itza. Ordea, Agerrek eta Balendinek, bai, ba-zekien nor zan eriotz ikaragarri aren egillea ta biak ao batez zioen:
—Txalu likitsa! Gaizkille zirtzilla!
Andik orduerdira, Martin apaiz jaunarekin ixil-izketa egin ondoren, Inurritzatik Zarautzera edatzen dan bidezabaletik zijoan Agerre bere etxera gaugiro eder artan, izarren argipean.
VII
GAUPIZTIEN ARTZULOAN
Ames bat bezain eder eta dirdaitsu azaldu zan eguna. Magalondotik baratzaldean loreak ixuriz dabillen erregingai lilluragarria iduri, zetorren arpi-pitxiak noranai zabalduz. Etzekarren aurpegian, ez lausorik, ez ganduaren kutsurik. Urre lanbro ugaria zerion eguerdira zabaldu-ala. Eta berdiñik ez dun argiontziaren dirdaira, ziztaldi atsegiña bialtzen zien noizbeinka begiai belardietatik eta sastondoetatik gau-intzezko pitxiak.
Ara nola dijoazen ontzitxoak arrantzura aizeari oialak alderen alde zabalduta. Atzo baño ekarkorragoa izango al-due arrantzale gizagajoak gaurko jarduna! Aukerako itxasgiroa da, agian, gaurkoa. Arrantzaleentzan izan liteken zantzurik oberenetakoa izan oi da izurdeen buruzgainkazko jauzia ta olakoetan itxastxoriak erabilli oi duen bealdeko egaldia. Orrez gañera, or-emenka agiri diran urdin-une bereiziak, antxoa-taldeen ur-azaleko ibillia erakusten digue. Onelakoetan, izaten due, noski, itxas-egaztiak gosea nun ase.
Sagastietatik garisoroetara, eta artasoroatik belardietara, jolasaldi biurriak darabiltzki, moxal irrintzilariaren antzera, itxasaldetik datorren aize bigunak. Jolasaldi orietan, artoak esku-atseginkatzen dituanean, maite-ikaraldika bai'lebiltz, kulunkatzen due gerritxo lerdena ta burualdeko lorea.
Goiz-nagia astindu ondoren, sabel-irakitan suspertu da izadi osoa. Zamorro-talde ikusgaitzen otsa datorkigu nunaitik belarrietara. Aurretik alkarri itzemanda daudenen antzera, maiteberoaldiak eztenkatzen ditu bizidun guztiak, naiz zentzudun, naiz zentzunik gabeko belarkiak izan. Auxe da izadiaren eztai-egun zoragarria! Jaungoikoak ludia egin zuan lenengo egunean bezain bero dirau oraindio izadiaren erraietan maite-iradu indartsuak.
Arrigarriak dira, orratio, izadiaren gauzak! Bizidun batzuk itzaltzen dijoazen bitartean, beste batzuk bizitzara datortz une artantxe. Bizidun bakoitzaren erioak berak ere, amaika bizitza sortzen ditu! Eriotzaren ondoan bertan, bizitza berria sortzen da. Ara or izadiaren zoria! Noiz arte iraungo ete-du maite-sortze arrigarri onek? Jaungoikoak daki! Arek izadiari bizitz-arnasa ukatzen dion egunean, dana ilgo da, dana ezerez utsean ondatuko da. Bitartean, or ibilliko dira mako ikuseziñetik zilintzan, mugarik ez duen sailletan pirritaka, ludi, izar eta eguzki, zerk aizatzen ditun jakin ezik. Bizidunak, berriz, laisterka datorkien eriotza atzeratu naiean, aitasemeengana luzatu nai due bizitza. Egun bateko lore zimel-errezak izan, ordea, bizidun guztiak!
Goiza erdiratu zan garaian, zalpurdi arin bat irten zan Dorronsoroko ataditik eta zaldizaiaren asku-zigorraren otsera, laugainka irabazi zuen zaldi biak bidezabala ta, asi baizen bizkor eutsi zioten luzaroan lenengo ibilliari.
Zarautztik Zestonara bitartean, ez du bideak aldapa-une aundirik eta asitako neurrian pirritatu ziran gurpillak araño, bideko arkoskoetan labainduz. Baña nekezagoa ta zaillagoa zan andik aurrerako ibillia. Aizarnako bideari eraso ziotenean, aurki geldiagotu zuen aztaka bizkorra, eta, maldar-erdiraño eldu ziranean, patsetan blai-eginda zijoazen atsanka ta lurrun-jario.
Lau ziran zalpurdian zijoazenak: Libe eta Malentxo aizpak, osaba Martin eta Agerre. Malentxoren gogoaz besteko irteera ua zerbait gozatzearren, atergabeko itzjarioa zerabilkin Agerrek eta eskurakoi laguntzen zion Libek zeregin artan.
Iztun atsegiña izanda, somatu al-izan zituan izkirimiri ta gazigezak jaulki zituan, bururatu zitzaizkon ipuiñik parregarrienak ere bai. Sekulako ateraldi gaztunak ere egin zituan; baña jaio-unean bertan izoztuta gelditzen zan Malentxoren ezpañetan irriparrea.
Orrez gañera, malkoak ezkotzen ziozkan begiondoak bein baño geiagotan. Alperrikakoak izan ziran egin zituen alegiñak; eta, Zestonatik Aizarnara aldapa-gora zijoazen garaian, agortu zorian zebillen Agerreren jarduna, itzalibearrean zan laister aren ipuiñen gazimiña.
Izan ere, etzion ezer asko laguntzen osaba Martinek; etzeukan, nunbait, arek berriketarako gogo aundirik. Biotza zearo naigabetu zion ustegabeko estualdiak. Buruauste astuna bideratu zitzaion, arrano pola, gabetik goizera, gutxienen uste zuenean. Eta, artean, osabidea eskuratzeko garaian izan ezkero, ainbestean. Gertatuak gertatu, ondabidetik irtetzea nolabait jaritsi ezkero, gauzak esiratu zitezkean artean.
Baña bein neska maitebidean gainbera irristaka asita, nork lekike noraño lijoaken? Txinpartaren jeikikoa zan Malentxo txikitandik eta, arekikoak bear bezela esiratzeko, kontuz eta erne ibilli bearra zegon. Ba-zitekean, bestela, arek esiaren gañetik jeiki nai izatea. Gauzak astiro aztertu ta erabilli bear ziran, dana ez ondatzeko.
Esku leuna ala zorrotza bear zan estualdi artan? Nola ekin bear zitzaion arloari? Onean ala gogorrean? Buruauste samiña, benetan! Eta, orrez gañera, nor ete-zan korapilloaren errudun? Malentxo bakarrik? Bera ere, guraso-ordeko bezela, ez al-zan zabarkeri osoan jokatu? Neskaren ibilliak garaiz orpotik zaitu izan ba'litue, sortuko al-zitakian alaingo korapillo biurririk?
Osaba Martinen gogaien joan-etorria oneraño iristen zan garaian, atsekabeak illuntzen zion biziro begitartea; eta Agerreri bere jardunean lagundu nai izan arren, leengo naigabealdiak ziztatzen zioten berriro kolko-barrena, ta zalpurdiaren txokora urbiltzen zan, biozparrengo oñazea ezkutatu zairik. Bereala itzaltzen zitzaion ari ere ezpañetako irriparrea.
Aizarnako eleiztorrea noizpait begiztatu zuenean, danak poztu ziran eta zalpurditik jeisteko gertutzen asi ere. Eleiz-aurreko enparantzaren itzulbiran inguratzen dira kaleko etxe guztiak. Pelotan jokatzen zebiltzan mutikoak enparantzan zalpurdia iritsi zan garaian eta, erbestearrak ikusi zituenean, jokoa utzita, aozabalka urbildu zitzaizten umekondoak ankartera. Aurki azaldu ziran etxe-ateetan beste ikuszale geiago ere. Ollo batzuk zebiltzan aztarrika enparantzaren erdian; aruntzatxeago, berriz, zakur bi jolasean jauzika. Piano baten tintin-soñua zetorren apaizburuaren etxetik.
Enparantzako ostatu-etxe batean utzi zituen zeramazkien jantzi-zorro ta emakume-tresnak, Lasturretako mutikoren batek gero astoan eraman zitzan, eta, lau lagunentzako bazkari on bat gaitzeko agindua eman ondoren, Lasturretako bideari lotu zitzaizkion bereala. Orduerdi bateko bidea zegon, geienez, kaletik baserri artara.
Erritxoaren eskuialdeko soroak ebakitzen ditun bidetik igo ziran bidariak muñotxo batera ta andik Beamara dijoan bidea artu zuen. Ermo ari ziran lanean baserritarrak inguruko soroetan. Gari-metak eguzkitara zabaltzen, batzuk; besteak, artalorak abereentzako besamenka biltzen; aruntzago, berriz, segaz allurbea ebakitzen. Lanari zintzo lotuta ari ziran danak egun zoragarri artan.
Aurreko eguneko ekaitzaldiaren pean bizkar-oker gelditu ziran artoak ere eguzkiari burua zutitu nai zioen. Gerriondotik kiribilduz zijoazkien artaloreai baba-aienak maiteberoaldi gartsuan, aren maite-mosuaren billa. Loretan agiri ziran aien orrien xangoetako kimondoak ere ta ollandaren gandor jaioberriak zirudien lore-pinpinak, lurrera burua makur. Jatortasun bereizia egozten dioe, benetan, artasoroak gure basoaldeari.
Orduerdiaren buruan, bidearen oker-une bat ganditu zuen garaian, etxe billeratxoa begietaratu zitzaien zelaitxo batean. Baselizatxoaren inguruan lau etxek zuten kabia intxaurrondoen gerizpean. Iru lizarrondo zitun, berriz, elizatxoak bekoz-beko, bere egonaren zaitzalle bezela.
Sarrerako burni-agazko esi sendoaren gibelaldetik luzatzen dan bolatokian, iganderoko goiz-meza entzun ondoren, bolan aritzen ziran inguru arietako baserritarrak. Goialdeko larrea zuen artaldeak ere, antxe billatzen zuen aterpea ustegabeko erauntsi-garaian. Nun aurkitu ua baño toki babesagorik? Eguterara begiz-begi sakon-unean egoteaz gañera, ezkerreko mendi-bizkarrak ezkutatzen zun itxasaldeko aizealdietatik.
Zelaitxo babes au begiztatu zuen garaian, bidariak zeramakien bideondoko sasietan zabalduta, zapi zuri lexibatuak agiri ziran eguzkitara legortzen. Oiuka ta karrasika zebiltzan an inguruan mutilkoskoak txapelera masustak biltzen. Zelaiko itzalpean, astaemeak garagarra irabazten zun bitartean, jauzika zoroak zerabiltzkin astakumeak aruntzaxeagoko belardian. Eskuialdeko garamendietara joan ziran artaldeak eta, noiz-beinkako marrakaldi luzez larrealdia eten eta zintzarriari eragin-ala, bidariai begiratzeko itzultzen zuen ardiak burua.
Ezkerraldetik lenengo mallan ikusten zan etxeak Lasturreta zun izena. Etxebillera artako ardandegia zan; baña ardao-saltzeak bakarrik etzuala ezer asko ematen-da, soroko lanari ere ekin bear zitzaion zintzo, arranok ezpa'du.
Ain zuzen ere, egun artan gari-jotzen ari ziran atxebarruan, eta, bidariak etxera urreratu-ala, geroago ta argiago entzuten zuen gari-eskuteak arritxabaletan zartaka ateratzen zuen danga-otsa.
Erbestear batzuk bide-zear zetozela barrundatu zuenean, lanaldia utzita, marandioko leiotik begira jarri ziran danak ikusmiñez. Aurki ezagutu zitun Mari Joxepa etxekoandreak etxera zijoazkionak, gaztetan Dorronsoron neskame izana baizan, eta gal-autsarentzako buruan bilduta zeukan buruzapiz bekokitik zerion izerdia atxikatuz irten zitzaien bidariai ongi-etorrika ta agurka.
—Nolatan etorri zakizkide gaur, aurretik ezer gaztigatu gabe? Jesus, ene! Zer bazkari jarri nezakizue orain, ezpai'taukat urdazpikoa ta arrautzak besterik...?
—Ez kezkatu, Joxepa —erantzun zion apaizak—. Ez daukazu gaur guretzako bazkaria baneatu bearrik.
—Ene! Baña nere etxera bein etorriko-ta, ordun bazkaldu gabe jun? Ez, ez. Ez dizuet utziko eguerdiburuan iñora joaten.
—Kaleko ostatu batean, guretzako bazkaria gaituta eukitzeko agindua utzita, etorri gera ta eguerdirako ara joateko asmoan gabiltz.
—Jesus! Baña, zergatik orren azkar?
—Beste zeregin batek ekarri gaitu, Josepa. Gure neskatxa oek biak amabost egunez zure etxean eukiko ziñuzken jakin nai nuke. Emengo mendi-aize osasuntsu au ondo letorkiela-ta, egun batzuez ementxe utzi nai ginduzke, zuk al-badezu, beintzat.
—Bai orixe! Pozik eukiko ditut! Oek neska bikañak egin zeratena! Orain urrena ikusi zinduedanean, umekondo batzuk ziñaten artean; baña emakume egin zerate.
—Nun dituzu zure semetxoak? —galdegin zion Libek.
Ara! Ementxe datortz. Jesus, ene! Ori mutur zikiña dakarre. Nundik nora ibilli ete-dira alproja gaizto oek? —eta deadarka asi zitzaien.
Baña mutikotxoak amaren deadarrai baño jaramon geiago zegien an zeuden jaun eta anderetxo ariei. Zear-begiraka ta aozabalik gelditu ziran biak muki-jario ta ezpainondoak masusta-ugelduz beztuta, abarketa gorrien mutur-zuloetatik beatzak agirian zituela.
—Atozte nigana, maiteok —esan zien Libek kutunki. —Ara nolako gozo-pilloa emango diodan lenengo datorkidanari!
Bietan zarrenak bost urte-inguru zeuzkan eta Liberen eskeintea entzun arren, etzan igitu zegoan tokitik; txikiena, ordea, gozoen usaira, geldiro urreratu zan eta andereñoak eskuan zeukan papel-zorrotxoa atzeman ondoren, igesegitera zijoan. Arek, baña, maiteki eldu zion; eta, lepora jasota, mutiltxoaren mukien eta zikiñaren nazkarik gabe, mosu mardul bi egotzi ziozkan matail gorrietan.
—Ene, baña, Libe! Zikinduko zaitu zearo ume orrek! —oiugin zion Josepak.
Ordurako, gari-jotzea utzita, izerdiak aurpegian itsatsi zion gal-autsa sukaldeko arraskan, ur-xaplatekoka garbitu ondoren, atadira azaldu zan Iñaxio etxekojauna ere ta danai bostekoa estutu zien banaka azpainartetik irribarrea zeriola.
Goiz asi zerate gari-jotzen —esan zion Martin apaiz jaunak.
Zearo txigortuta zeuden-da, lenbailen lan au eskuartetik kentzea erabaki degu.
Bien bitartean, marandioan lanean ari ziran mutillengana joan zan Agerre ta ariekin izketan asi:
—Mutillak, zintzo ari zerate lanean... —esan zien.
—Jardun bearko, arranotan!
—Latz-samarra da, noski, gari-jotzeko lana.
—Naiko latza; baña lana bera baño ere okerrago da bizkarretik beera sartzen zaigun autsaren eta galbizarraren errea. Nork burutu oriek ematen duen egonezin zulagarriakin.
Geldiune laburra egin ondoren, berriro ekin zioten mutillak lanari. Zepari, Leunda ta Berraondo ziran iru gazteak. Baso-lanean bezain nagusi, soroko jardunean ere; aizkoran bezain trebe, laiaketan eta goldea erabiltzen. Iraun aundikoak eta zaillak, naiz udako galdape kiskalgarrian, naiz neguko aintziar-garaian. Etzuen ariek egundo izan nekearen bildurrik. Lanaldia amaitutakoan, iñork soñua jo ezkero, kriskitiñak eta ankak arin erabiltzen oituak. Etzekien ariek, arrano pola, aula zer zanik; etzuen nekearen berririk. Langille bikañak ziran irurak.
Arri-txabalean azaoak zartaka zaplainean aletzen zituen bitartean, pozkiro zegokien Agerre begira gizaseme indartsu ariei. Neska batek urreratzen ziezten bizkarraldetik azaoak eta, aletu-ala, soñaren itzulaldiz artzen zituen bakoizka pillotik berriak eta iru edo lau zartako indartsutan, eguzkitara luzaroan egon dan artillea baño ariñago uzten zituen lastoak. Aitonak bereizten zitun gero eskuareaz alkarrengandik agotza ta gari-alea. Eskute aletuak, berriz, sapaira jaurtitzen zituen arrika.
Ikusgarria zan mutil bikain arien jarduna. Bizkarraldean zeuken pilloa agortu-ala, urritzezko biur batekin besamenka eramaten zitun neskak azao berriak. Pozik egongo zitakean antxe Agerre mutil gazte jator ariekin alkarrizketan; baña onaizkero gainbera Aizarnarako bideari lotu bear zitzaizkon. Naiko berandu zan, ba, bazkaltzeko.
Martin apaiza bere illoben egonatzaz Mari Josepakin astiro izketatu zanean, agur egin danai, eta kalerako bidea artu zuen berriro. Irten baño len, orratio, otoitzaldi labur bat egin zuen baselizatxoaren atean.
Egongiro atsegiña zegoan itzalpe babes artan. Ez eguzkiaren kiskaldubearrik; ez beroaren errerik. Arrizko aulkian belaunikatuta, otoitz laburra zegian bitartean, etzezakean Malentxok susmatu, toki artantxe bertan artuko zuala egun batzuez geroago, bere bizitzazko erabakirik zeatzena.
Aizarnako kalean zeuden berriro ordubaterako. Bazkalondoan errialdea geldiro ikusi zuen eta; arratsaldea erdiratu-garaian, Lasturretako astazaia iritsi zanean, neskatxen tresnak saskietan egoki jarri ondoren, joan, agur samurra egin zioten alkarri. Malkoz dirdirka jarri zitzaizkon Malentxori begiak. Bularpean biotza lertu izan ba'litzaio ere, etzion samiñaldi garratzagoak kolko-barrena gaindituko. Ezin zezakean itzegin Malentxok mintzo-dardaraz; ainbestekoa zan sortu zitzaion zotiñaldia.
—Osaba, errukitu zakit! esan zion arrenga erdiragarrian.
—Buruz jokatu adi, Malentxo. Al-dedan guztia egingo diñat ire alde. Ba-dakin maite aunagula. Beraz, iri geien dagokinana egingo diñagu. Ire onaren billa gabiltzan.
—Emen luzaroan uzten ba'nazue, gaxotu ta ilgo naizala deritzait.
Ukigarria ta erdiragarria zan, agian, joan-agur uaxe! Zarraztaldi bikaña eragin zion Agerreri ere neska maitemindu ta biozminduaren eskariak. Gañera, maite degun norbait etsipenean buru-makur eta apal, ezarri diogun zigorrera jartzen zaigunean, biotz legorra bear litzake, benetan, aren gogo-oñazea norberarena bezaintzat ez artzeko.
Etzuan Libek malkorik ixuri; etzuan negarrik egin. ez uste, orratio, biozpean zarraztaldirik nabaitu etzuanik. Leendik oitua zegon, ordea, biotzaren biurraldietara ta samiñaldietara. Zerk erasan zezakion orain aren biotzondoari? Au zala-ta, norbaitzuk uste zuen biotzik gabeko emakumea zala Libe; baña, bai zera! Oker zebiltzan iritzi orretan zeudenak. Beste iñork baño biotzondo aberatsagoa erakutsiko zuan arek bear zan garaian.
* * *
Orain neskatxo biak Lasturretara dijoazen bitartean eta bidezabaleko arkoskoetan zalpurdia labainkatzen dan bitartean, irabazi dezaiegun azkenengo oei aurrea ta gijoazkien Zarautzko uriño zoragarrira.
Ordurarte ia egunero ikusten zuen alkar Malentxok eta Zitok. Batzuetan, zerbait erosi bear zualako aitzakian; besteetan, bere lagunakin arratsaldea eman nai zualakoan, arratsaldero joaten zan Malen Zarautzko kalera ta nolabait ere beti aurkitzen zun Zitok arekin ezkutu-izketa egiteko bidea.
Beraz, aurreko astelenaz geroztik neskarekiko berririk izan etzualako, zearo artegatuta zebillen mutilla. Zer gertatu ete-zitzaion? Zergatik ez ete-zan azaldu aurreko egun bi arietan? Gaxo ete-zeguan? Ain osasuntsu ta sendo agertu zan lengo astelenean-da, nola gaxotu zitakean orren azkar? Ez, ez. Beste nunbait billatu bear zan zergatia.
Eta, buruan oldozkun oek azpikoaz gain irauliz zerabiltzkiala, askabide bat bakarra aurkitzen zion korapilloari. Dorronsoroko morroiari egozten zion gertatzen zanaren errua. Ijito tzar bat bai'litz, berari astelenean txakurra xaxatu ondoren, gero salatari dollor baten gisan jokatu zan nunbait, morroi petral ua! Txatxu aundia zan alako gizona! Gañera, morroi zarpil uts arek, bai al-zeukan arien arteko gauzetan zertan sarturik? Baserritar kaiku sastarrak zanpatu bear al-zuan bera zan bezelako gizon ikasia ta asko ikusia?
Orrelaxe berekautan izketan ari zala, kolkopean zamorro beltz ikaragarri batek burua jaso zion. Aurrenengoz, ustegabe jaiotako narda besterik etzan. Orduezkero, ordea, geroago ta beltzago, geroago ta izugarriago biurtu zan kolkopean sortutako zamorro nardagarria. Eta, mutillaren odolgaiztoak eta bere izaera beaztuntsuak, gainbera zeramakien ikusieziñera ta gorrotora. Nork-eta morroi txatxu arek sartu bear al-zun arien bitartean? Kontuz ezpa-zebillen, txakur amorratua bezela jipoituko zukean.
Arratsalde artan bertan Malentxorekin nolabait itzegin bear zula-ta, Inurritzako bidea artu zuan Zitok iñular aurrean. Dorronsoroko saillen mugara eldu zanean, bideari jarraitu bearrean, bideondoko arresiaren gañetik jauzi eginda, sagastira sartu zan. Luzaroan inguru-begira ibilliaz gero, zokondoko seskadiraño aurreratu zan zalantza bizian ta geldiro ta begi erne zelatatu zun etxe-ingurua. Etxeatzeko iturri-askan garbiketan ari zan une artan neskamea.
—Demorriozko neska purtzilla! Nolabait ortik uxatu alba'neza —zion berekautan.
Etzuan izan, ordea, luzaroan zai egon bearrik. Laster bukatu zun Mikelek bere lana ta, garbiketa-ontzia meakezurrean tinkaturik zeramakiala, etxebarrenera sartu zan. Txakurraren bildurrik ez izan-da, sagastiaren mugan zegon zotaskazulotik, basakatua bezela, labainkatuz, arrastaka, etxe-ondora urbildu zan. Iñork ikusi etzezan, zokondo-une batean etzanda lotu zan zelatan. Ordulaurden batez orrela egon arren, etzuan ezeren zantzurik atera. Iturriaren ur-jarioak zegian txirrista-otsa besterik etzijoakion belarrietara.
Lurreko etzanalditik zutitu gabe, ziztualdi ariñez otsegiten zion noizbeinka Malentxori. Zantzu ura entzun izan ba'lu arek, nola edo ala erantzungo ziokean; ondo ezagutzen zun neskatxak ziztu-egikera ua. Alere, baña, etzan aren erantzunik iristen. Zer gertatu ete-zitzaion? Ala, inguru-begira ernaian ezkutuka zegoala, gau-zapi beltza zabaldu zun illunak zerupean eta ludia illunbean bildu zan zearo.
Garai artantxe, Balendinek, etxeko eginbearrak burutu ondoren, bigarren arraun-aldira joateko ustean, etxetik erten eta sagastiko bidetxiurra artu zun; andik zan, ba, laburrena Lopategirako bidea. Baña, zugazpetik bideari ekitera zijoan unean, norbaitek ixilka zegion ziztu biguna entzun irudi zitzaion. Norbaitek dei zegiola uste izan zun; baña, urratsak tinkatuta, oarki egon arren, etzan iñor agiri inguru artan.
Ontan, ordea, ziztualdi berriak ebaki zun aizea an urrean. «Nundik demorrio zetorkidak zantzu ori? —esan zun berekiko—. Ortixek zokondogune ortatixek datorrela zirudik.
Axeka zebilkidak norbait. Noan bertara».
Pendiz-gañetik jauzi eginda, zokondogunera urreratu zan garaian, lurretik batbatean zutitu zan mutil batekin egin zun ustegabeko oztopo bekoz beko. Illunpe artan etzun ezagutu mutilla; beraz, etzekian nor zanik. Baña mutilla laisterka astera zijoakiola oartu zun bezain laster, besotik elduta, bertan tinkarazi zun naitaez:
—Zer dagizu emen? —galdegin zion legor.
—Zer ardura dizu zuri? —erantzun zion arek lotsagabe—. Zaitu eitzazu zere gauzak besterenetan sartu gabe.
Aurpegiz-aurpegi jarri ziran unean ezagutu zun mutilla. Nork adierazi, une arek Balendinen biozpeari eragin zion zarrazta zorrotza? Azpikoaz gain irauli zion asarreak barrunbea ta antxe bertan pizti likits bati bezelaxe lepoa biurritu ta bizkarra austea gogoak eman zion.
—Norbere etxean egin lezake gizonak nai duana; ez besterenean —jardetsi zion Balendinek asarre.
—Eta zure etxean al-da, ba, au? Zure saillak al-dira oek?
—Ez, ez dira nereak; baña etxe-inguruan zelatan dabillen napurra astindu ta uxatzeko, ez det iñoren baimenaren bearrik. Aldegin zazu, ba, arin emendik.
—Orrelaxe egiten diote zaunga zakur tzarrak etxera urreratzen dan edozeini. Izan ere, zer zera, ba, zu zakur bat baño geiago etxe ontan?
—Txakur askok ez dute lotsa aundirik bear, zirtzilipurdi batzuen aurrean bekoz-beko agertzeko.
Ezkerreko besotik gogor lotuta zeukan mutilla, bitarte ontan, Balendinek, eskutik askatu ere gabe. Bultzada indartsuz lurrera jaurti zun zotz igarra bezela. Gero, berriz, eldu zion berriro besotik eta bultzaka sagasti-zear zeramakin.
Baña mugako esira iritsi ziran garaian, mutil ziztripuak ustegabeko indarraldiz besoa askatu ondoren, gerritik aizto bat aterata, ukaldi bizkorra erantsi nai izan zion sabelondoan Balendini. Saietsean zirikatu duen katamotza baño ariñago alderatu zan, ordea, au; eta, aiztua zerabilkin eskuko muturretik atzemanaz, bizkarraldera biurtu zion besoa. Mutillari eskutik kendu zionean, sagarrondo baten gerrian sartu ta ausi zun galtzairu zorrotza. Ara zer zesaion, bien bitartean:
—Ez adi geien da geiago onera azaldu; bestela, egunen batean egundoko gorriak ikusi bearrean aiz, txalu ori.
Eta, lurrean oñaze-oiuka gelditu zan mutilla bultzada indartsuz ormagainetik andiko aldera bota zun ollo-luma bezelaxe; eta geiagoko jaramonik egin gabe, Lopategiko bideari lotu zitzaion.
* * *
Bein piztiaren zantzua sendu zuan ezkero, aren ibilliak zearo argitu ta eguerdiratzea zegokion Agerreri. Malentxoren onaren billa zebiltzan danak; danak maite zuen neska biozmindua. Baña ari basapiztiaren atzaparretan erortzen utzi baño len, erriko zurrumurruak or-emenka ixurtzen zituenak, egiak ziran ala ez, bere begiz ikusi nai zuan. Edozein bidetara joko zukean Agerre leialak ainbeste maite zun sendi artako nekatxa ederra zorigaitzean amiltzen ez ikustearren. Bearrekoa ba'zan, illargipeko gau-ibilli ezkutuan, naiz napur maltzurraren joera izan, piztiaren aitzulora bertara joango zitakian, ondamenditik neskañoa aldentzearren.
Aizarnatik itzulita, bere etxean apaltzen ari zan bitartean, zurrumurruak aintziñatik errialdean zabaldu zituanak zerabiltzkin buruan itzulinguruka. Zurrumurru ariek geldiro ausnartu-ala, asmo sendo bat sortu zitzaion. Leendik ziurki zekizkianaz gañera, areagokoak argiratu bearra zegon.
Jendeak ziotenez, Leopoldo Vargas ori Biarritzko ta Donostiko jokoetxeko otseiña izan omen zan; «croupier» ikasia. Ez omen zuan parerik ez Biarritzen, ez Donostin joko-txirringa erabiltzen. Jokoetxe orietan sartu-irten aundia zuen guztiak ezagutzen zuen garai artan gizon au.
«Eskuzuria» («Blancamano») deitzen zioten jokoetxeetan; ain zan egokia, ikasia ta besterik ez bezelakoa, joko-txirringa bere gogora erabiltzen. Etzan nolanaiko jokalaria izan bear, arekin aurrez aurre jokoan asteko. Aberats-izenean bizi zan aspalditik, bai Donostin, bai Zarautzen; eta, ziotenez, jokoan irabazia omen zun eskuarteko dana. Atera ortik nolakoa izango zan piztitzar au, jokoetxeetan biltzen diranen artekoetan lenengoena ta nagusiena izateko.
Donostiko jokoetxean zerikusi aundia zeukan jaun batek eraman zun Eskuzuria Biarritztik ara; bere jokaldietarako lagun ikasi bat nai zuan, ba, arek. Alkar-artuta ibilli izan ziran, arrezkero, gizon biozgaldu ariek biak. Gainberako zeregiña zan, orrela, jokoetxera zijoaken buruarin oitugabeak zearo lumatzea. Nun aurkitu zezakeen gizon ariek biak urre-iturri oberik? Orduezkero, egunetik egunera zabalduz eta ugarituz zijoan Vargasen eskuartea.
Garai ontan azaldu ziran Donostin Zitoren guraso gazteak. Madridtarrak ziran eta senarrari Ministerioan ematen ziozken udaldiko oporraldietan, Donostira joaten ziran. Apainkeriak eta lasainaiak zoratuta zerabiltzkin senar-emazteak. Atsegin-bizitzari burua lotu zioten ezkero, aundizkien neurrian bizi nai izan zuen; dantzaldietan eta jaialdietan erakutsi nai zuen burua noiznai.
Eta jakiña! Ministerioko alogeraren etorria, etzan orrenbesteko zorakerizko ibilliari eusteko lain. Legezko etorriak ematen dunaren gañetik ibiltzen asi ezkero, goiz edo berandu, laster azalduko ziran zuloek nun edo nun. Orduan sortu zitzaizten sanar-emazteai sekulako estuasunak eta itobearrak!
Jokoetxera joan zan egun batean, Vargasen eskuetan erori zan gizon ua. Eskuartean zeramazkin diru-pitiñak zearo galdu ondoren, estuasun larri artan, erokeri galgarri artan, bere etxeko tresna ta eskuarteko ondasun guztiak jokatu zituan itxumustuan zoroak. Eta burutik oñetaraño oro lumatu zutenean, ollo zapogorriaren antzera, irten zan jokoetxetik buru-makur eta biotzillunik. Arrezkero, etzuan iñork jakin arenik geien da geiago. Norbaitzuk esan zuen Zurriolako ugin-lertokian galdu zula bere burua; besteak, berriz, erbestera igesegin zula. Nolanai ere, etzun iñork izan aren berririk egundaño.
Semetxo batekin gelditu zan aren emazte Ester, ezertako eskuarterik eta etorririk gabe. Ogetalau urte zeuzkan eta emakume ederra zan. Ester au zan bezelako emakume apainzaleak eta atsegin-zaleak etzezakean luzaroan iraun larrialdi estu artan gaiztobidera jo gabe. Vargas biozgalduaren atzaparpean oldartu zan eta jabe bezela agindu izan zion aurrerakoan. Eskuzuriaren eskuartea lasaitzen zijoan neurrian, agertu izan zan Ester gizartean; geroago ta apañago, geroago ta bitxiztatuago ta dirdaitsuago.
Etxeoin baten jabe egin zan lenengo Donostin; jauregitxo bat eskuratu zun gero Zarautzen. Alargun-izenean agertzen zan nunai; baña ixilpean eta kolkopeko ezkutuan gorde izan zitun beti bere bizitzazko goraberak.
Iñork ezer galdetu ezkero, beste zerbaitera joko zun ezari ezarian, eta kito. Zito bera ere, bere amaren bizitzazkoen ezjakin osoan bizi izan zan. Sendi aretako adiskide min bat bezela azaltzen zan berriz, Vargas.
Donostiko jokoetxean artueman aundia zuten jaun batzuk, beste jokoetxea eraiki nai izan zuen Zarautzen, udaldian ara joaten ziran aundizkien babesean. Orretarako bear zan beste diru batu zuenean, etxe berriaren oinarriak jarri zituen bidezabalaren oiñean. Ontan, baña, Primo de Rivera bakar-agintaria jabetu zan indarrez Españako agintearetzaz eta jokoa ta jokoetxeak galerazi zituan zearo.
Ordea, jokoetxe guztiak itxita zeuden garai artan, luzaroan iraun zun Zarautzko jauregi aberats batean ezkutuko jokoetxe batek. Vargas zan ixilleko jokoetxearen jabe. An biltzen ziran gabero udalditar aundizki batzuk eta jokoetxeetara inguratu oi diran gizagaldu sabelzuri batzuk ere.
Gaberdiaren buruan, berezibiletan (en automóviles) joaten ziran Donostitik piztitzar batzuk eta Vargasen jauregian, gau-dantzaldi ta gaujaialdien izenean, joko-txirringari ekiten zioten gela ezkutu batean urrengo goizalderarte. Jaialdi ariek alaitzeko, Donostitik bertatik eraman izan zituen bein baño geigotan neskagalduak ere. Dantzaldi lizunai loturik, edari moskortien laguntzarekin, atsegin-bizitza eroari burua emanda ibiltzen ziran egunsentirarte gizagaldu ta emakume galdu ariek. Sarritan joaten zan Zito ere jokaldietara Vargas piztitzarraren bebesean.
Oldozkun oek zerabiltzkin Agerrek ausnarka apari-bitartean eta, bere lagun bategandik ixilpean entzun zitun gauza arrigarri ariek, egiak ziran ala ez, bere begiz egiztatzeko gogoa sortu zitzaion. Etzan ordea, gauza erreza artzulo artan sudurra nolanai sartzea. Oso ezaguna izan ezik, etziokeen iñori aterik zabalduko.
Apalondoan, apain jantzita, kapela arturik, kalera irten zan bere adiskide udalditar baten billa.
Zaragozan ikasketak egin zituan garaian ezagutu zuan udalditar ura ta, arrezkero, adiskide ona izan zun. Bere kolkopekoak azaldu lezazkion ari bildurrik gabe; ain zun arek izaera zabala ta onbera. Aregandik zekizkin Vargasen bizitzazko gorabera guztiak ere.
Kafe-etxean egoten zan adiskide ori egunero apalondoan gaberdirarte, ta araxe zuzendu zan Agerre. Etzegon, artean, an udalditarra; baña andik asko luzatu gabe, atea zabaldu orduko, Agerre begiztatu zuanean, besozabalka ta agurka urreratu zitzaion. Egia esateko, nai baño ere obeto zetozkion gauzak Agerreri; eta zioa bideratu zitzaion bezin laster, ezari-ezarian, Vargasen egiteetzazko gaia atera zun.
—Geroago ta jende geiago zijoak etxe orretako jaialdietara —jaulki zion ixilpean udalditarrak—. Gaur esan didatenez, aspaldian izan duten jaialdirik aundienetakoa izan ziaten atzo. Amar neskatxa ekarri omen zizkiten Donostitik.
—Ikusgarriak izango ditu, orratio, jaialdi oriek —erantzun zion Agerrek, zetorkion bidea buruzkatuz—. Ainbeste edari gozo, emakume ederrak, dantzaldiak.
—Ikusgarriak? Etzegok emen alako eguras-biderik iñun. Iru edo lau bider izan nauk ni ere; baña kontuz ibilli bearra zegok. Gutxienen usten duenen batean, errizaien askuetan eroriko dituk goiz edo berandu legetik atezko ibilli ortan.
—Ni ere joango nindukek pozik egun batean, zernolako atsegiñaldi zorabiatzalleak darabiltzkiten ikustearren. Ez al-dek ik adiskide aundia Vargas ori?
—Bai. Aspalditik ezagutzen dit. Orren Donostiko ibillaldiak ere ondo ezagutzen dizkit.
Eta berriro ere, Vargasen ibilli narratx nardagarriari eraso zion udalditarrak. Ordurarte ajolagabe entzun izan zitun Agerrek zizkamizka ariek guztiak; baña oraingoan geldiro ta arretaz luzatzen ziozkan belarriak aopera, itzik ez galtzearren.
Andik orduerdi batera, bekokialdea untzez estalita zeukan jauregi baten aurrean egin zuen geldiunea adiskide biak. Ixillik zegon etxea illunpean, iñor bizi ezpa'litz baño areago. Ezkutuko txirrin batetik udalditarrak egin zuan deira, otsein batek txokondoko leiatilla zabaldu zun. Arek izen-txartela eman zionean, leiatilla itxita, barrualdera ezkutatu zan otseña. Geroxeago, ate nagusiaren zirriku batetik sartu ziran biak etxebarrura. Arnabarrezko eskillara-buruan, Vargas bera zegokien zai. Egoki ta bero agurtu zituan jaun sartuberri aiek.